Ikasle guztiek gaindituko dute ikasturtea, «salbuespen batzuk» alde batera utzita

Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroa erkidegoetako ordezkariekin bildu da ikasturtea nola bukatu erabakitzeko. Ekainean amaituko dute, baina udan errefortzuko ekintzak antola ditzakete.

Ikastetxe bateko ikasgela bat hutsik. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 15a
16:18
Entzun

Azken hilabetean buruhauste ugari sortzen ari da ikasturte amaiera. Gaur bildu dira Isabel Zelaa eta erkidegoetako ordezkariak zalantza horietako batzuk argitzeko. CSIF sindikatuak jakinarazi duenez, ebaluazio jarraitua erabiliko dute, eta erabaki dute bermeak ezarriko dituztela errepikatzea «ezohiko neurria» izan dadin. Sindikatu horren arabera, ez dira ados jarri aurrez aurreko eskoletarako itzulerari eta aurreratu ez dituzten edukiei buruz, eta adierazi dute pandemia garatuz joan ahala hartuko dituztela erabakiak.

Ikasturtea noiz amaitu ere erabaki dute. Ekainean bukatuko dute, baina autonomia erkidegoetako gobernuek errefortzu ekintzak antola eta bultza ditzakete udan. Ziurtatu dute mota askotakoak izango direla, eta ekintza ludikoekin batera egiteko modukoak. Arratsaldean aurkeztu du Zelaak proposamena, eta,  prentsaurrekoan nabarmendu duenez, batez ere egoera zaurgarrienean dauden ikasleentzat izango dira udan antolatutako ekintzak.  Erantsi du ekintza horiek beste talde batzuek bultza ditzaketela, boluntarioek ere parte hartuta, eta ikastetxeekin eta irakasleekin kontaktuan egonda. 

Zelaak nabarmendu du ezen, egungo egoera kontuan hartuta, ikasle guztiek ikasturtea gainditzea dela «justuena», eta errepikapena «ezohiko» neurria izango dela. Ikasleak ebaluatzeko orduan, irakasleek izango dute azken hitza, Zelaaren hitzetan haiek ezagutzen baitituzte hobekien ikasleak. Hirugarren ebaluazioa orain arte ikasitakoa errepasatzeko eta indartzeko erabiliko dute. Aurten ikasi gabe utzitakoa, berriz, datorren ikasturtean txertatuko dute. 

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak parte hartu du bileran. Amaitutakoan, ontzat jo ditu Espainiako Hezkuntza Ministerioaren dokumentuan jasotako «irizpideak eta orientazioa». Nabarmendu du berak gidatzen duen saila lanean ari dela ikasturtea nola amaitu erabakitzeko, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak hezkuntza arloan dituzten eskumenen arabera. Plan horretan zehaztuko dituzte zein diren ikasleek ezagutu behar dituzten oinarrizko edukiak, nola ebaluatuko dituzten eta horretarako zer irizpide eta tresna erabiliko dituzten. Gainera, aztertzen ari dira hainbat egoeratan aurrez aurreko eskolak nola berreskuratu, osasun egoerak hori baimentzen badu.

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilaria ere egon da Zelaak zuzendutako bilera telematikoan. Garrantzia eman dio «hezkuntza administrazioen arteko lan koordinatuari». Berak zuzentzen duen departamenduak ohar bidez eman ditu zehaztapen gehiago. Irizpide horrekin bat egin du, eta ohar bidez erantsi du «osasun baldintzak» daudenean itzuliko direla ikasleak ikasgeletara. Gainera, azpimarratu du lortu dituzten akordioek modua emango diotela Nafarroari lantzen jarraitzeko aurtengo ikasturteko curriculuma datorren ikasturtekoarekin batzeko proposamena. Oharrean jaso denez, horrela prestakuntza prozesuak aurrera jarraituko du, egungo egoeran gertatzen ari diren «desberdintasunak» zuzentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.