Euskara

Egunean bi kexa jasotzen ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak

737 kexa jaso zituen 2019an, hizkuntza eskubideen urraketekin lotuta. Arlo publikoan, Eusko Jaurlaritzari egin dizkiote gehien, eta, pribatuan, saltoki handiei. Koronabirusak agerian utzi ditu lehendik zeuden arazoak.

Udaltzainei euskaraz egiteko eskatzeagatik gizonezko bat epaitu zuten abenduan Bilbon. Irudian, elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 23a
12:11
Entzun

Medikuarengana joan, eta oinazea ezin euskaraz adierazi; Poliziari euskaraz egin, eta isuna; erdara hutsean idatzitako seinaleak eta testuak. Askotarikoak dira Euskal Herriko euskaldunek hizkuntz eskubideei dagokienez jasaten dituzten urraketak, eta, urtero bezala, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak txosten batean bildu ditu Euskararen Telefonoan eta Akuilari plataforman jasotakoak. 2019an, 737 kexa jaso zituen guztira, hau da, egunean bi kexa.

Arlo publikoan, Eusko Jaurlaritzari zuzendutakoak izan dira kexarik gehienak: 138, guztira. Nafarroako Gobernuak ere ugari jaso ditu: 71. Bizkaiko udalek, paretsu: 73. Sektore pribatuan, berriz, kexarik gehienak saltoki handiei zuzendurikoak dira: 73 guztira. Arloka begiratuta, lau nabarmendu ditu Behatokiak: osasuna, segurtasuna, turismoa eta hezkuntza. Koronabirusarekin lotuta, zehazki, lehendik zeuden hutsuneak azaleratu direla azaldu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, eta areagotu egin direla: «Orain arte egon diren hutsune eta neurri ezegokiek urraketen larritzea eragin dute oraingoa bezalako egoeretan». Osasunaren arloan, erraterako, langile euskaldunen gabezia dagoela azpimarratu dute. Gaubekaren erranetan, Osakidetzako hiru langiletik batek soilik du ziurtatua bere lanpostuari dagokion hizkuntz eskakizuna, eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era ere iristen. Ipar Euskal Herrian, are okerragoa da egoera.

Gertatzen denaren adierazgarri da, adibidez, ume baten gurasoek egindako kexua: alaba gaixotasun larri batekin ospitaleratu behar izan zuten Donostia Ospitaleko umeen psikiatrikoan, baina mediku guztiak erdaldunak ziren, eta alabak zailtasunak zituen gazteleraz egiteko. «Alabak jasaten duen gaixotasunaren sufrimenduaz aparte, hau jasan behar izatea negargarria da», dio lekukotasunak.

 

Euskaraz eginda, zigorra

Segurtasunaren alorrekoak dira Behatokiak bildu dituen kexa anitz, eta ohartarazi dute herritarrek «beldurra» sentitzen dutela Poliziaren aurrean hizkuntz eskubideak betearazteko. Ertzaintzari, Foruzaingoari, Espainiako zein Frantziako poliziei eta udaltzainei zuzenduta egin dute protesta herritarrek. Gaubekaren hitzetan, «oztopo gehien duen sektorea» da poliziena. Bada euskaraz egiteagatik isunik jasan duenik ere. Bilboko Aste Nagusian udaltzainei euskaraz egitea eskatzeagatik gizon bat epaitu zuten abenduan, erraterako. Polizien artean anitzek ez dute hizkuntz eskakizunik, Behatokiak dioenez.

 

Norbere herrian turista

Turismoaren alorrean ere badira kexak. Izan ere, Behatokiak nabarmendu du kanpoko turistei begira pentsatuak daudela seinale eta zerbitzuak, maiz, tokikoen bertakoen kaltetan: «Ez da kontuan hartzen zerbitzu berberak euskal herritarrek ere kontsumitzen dituztela». Nafarroako Gobernuarena da Leireko monasterioa, eta horren lekuko da: gazteleraz 3,7 euro balio duen bisita gidatuak 80 euro gehiagoko kostua du euskaraz egin nahi izanez gero —atzerriko hizkuntzen kostu bera—.

Hezkuntzan, lehengo lepotik burua: Nafarroako haur eskolak, Ipar Euskal Herrian baxoa eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ereduen sistemaren porrota jaso dituzte berriro ere. «Alor akademikoan ikasleek euskara gaitasun egokia erdiesteko ereduaren beharrak, haur eskola eta unibertsitate mailako hezkuntzan euskarazko eskaintza bermatzeak eta hezkuntza sail osoan zerbitzua, arreta zein barne harremanak euskaraz bermatzeak erronka dira oraindik ere 2019an».

Gaubekak gogoratu duenez, Europako Kontseiluko Aditu taldearen bosgarren ebaluazioaren arabera, agerian gelditu da beharrezkoa dela Behatokiak urtero kaleratzen duen txostena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.