Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Espainiako Gobernuak dio pandemiaren egoerak zehaztuko duela noiz egingo diren bozak

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bilkura bat antolatu du alderdiekin apirilaren 30erako, bozak «abuztua baino lehen» egiteko asmoz. Esan du uda baliatu nahi duela legebiltzarra eta gobernua osatzeko. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak ere hauteskundeak «lehenbailehen» egiteko nahia azaldu du, baina ohartarazi du koronabirusaren hedapenaren bilakaerak zehaztuko duela bozak noiz egin ahal izango diren.

Eusko Legebiltzarraren gaurko saioa. Hizketan, Iñigo Urkullu.
Eusko Legebiltzarraren gaurko saioa. Hizketan, Iñigo Urkullu. Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2020ko apirilak 24

«Krisiaren dimentsioak eta sakontasunak eskatzen du legebiltzarra erabat eratuta egotea eta lehenbailehen funtzio guztiak dituen gobernu bat izatea», esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur, Eusko Legebiltzarrean. Hori lortzeko, Alderdien Mahaia apirilaren 30ean bilduko duela iragarri du Urkulluk, Osasun Larrialdiaren Deklarazioa aztertzeko eta «hauteskundeetara hiru hilabeteko epean deitzeko aukera aztertzeko, abuztua baino lehen».

Hiru arrazoi eman ditu Urkulluk erabakia hartzeko. Hasteko, alderdi guztiek adierazi diotela legebiltzarrean biltzeko beharra. Horrez gain, osasun agintariek esan diotela kutsatzeko arriskua uztailean izango dela txikiena. Haatik, udazkenaren hasieran berriz zabal daiteke izurria, «eta ez dugu txertorik izango inola ere». Beraz, «aurreikuspen horrek aholkatzen digu bozen deialdia uztailean egitea».

Urkulluk aipaturiko hirugarren arrazoia: larrialdiaren tamainak eskatzen duela legebiltzarra osatuta eta gobernua ahalmen guztiekin eratuta edukitzea ahal bezain pronto. Horiek udan eratzeak aukera emango luke ahalik eta azkarren lanean hasteko, lehendakariaren arabera, aurtengo aurrekontua martxan jarri eta hurrengoen nondik norakoak onartze aldera.

Haatik, Espainiako Gobernua uzkurrago azaldu da bozak uztailean egiteko aukeraren inguruan. Salvador Illa Osasun ministroari galdetu diote hauteskundeak egiteko aukeraz, eta hark «lehenbailehen» egiteko nahia adierazi du, baina erantsi du epidemiaren bilakaerak zehaztuko duela bozak noiz egin ahal izango diren.

EH Bilduk begi onez ikusi du mahai bat batzea, baina adierazi du ez dela nahikoa alderdiak elkartzea, eta gizarteko beste eragileak ere deitzeko eskatu dio Urkulluri. Halere, hauteskundeak egiteko «behar bezalako baldintzak» ote dauden galdetu du Maddalen Iriarte eledunak.

Zalantza bera adierazi du PPko Karmelo Barriok. EAJko Joseba Egibarrek, ordea, zalantzan jarri du EH Bilduren lankidetza eskaintza. «Ez dakit oso zintzoa den».

Apirilaren 5ean egitekoak ziren bozak

Martxoaren 17an sinatu zuen Urkulluk Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskunde deialdia bertan behera uzteko dekretua, eta hurrengo egunean argitaratu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Bezperan, Lehendakaritzan egindako bilera batean, Urkulluk eta talde politikoetako ordezkariek bozak atzeratzeko erabakia adostu zuten, aho batez, koronabirusaren izurria dela-eta botoa emateko nahikoa bermerik ez zegoela ulertuta.

Erabakia ez zen ika-mikarik gabe hartu, edonola ere. 

Erabakia etorri aurretik, hainbatetan eskatu zion EH Bilduk Urkulluri bozak bertan behera uzteko. «Duela astebete esan genuen hauteskunde kanpaina eta hauteskundeak bertan behera geratu behar zirela», esan zuen Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Lehentasun bakarra osasun publikoa da. Erabaki zorrotzagoak hartu beharko lirateke».

EAJkoek, ordea, gogor erantzun zioten Otegiri. Koldo Mediavilla Euskadi Buru Batzarreko kideak hau esan zuen Twitterren bidez: «Norbaitek sinetsi al zion Otegiri esan zuenean ez dagoela 'baldintzarik ez hauteskunde kanpaina egiteko, ez bozak egiteko'?». Osasun larrialdiaz baliatzea egotzi zion EH Bilduko koordinatzaile nagusiari.

 

Elkarrekin Podemosen arabera, erabakirik «zentzuzkoena» izan zen hauteskundeak atzeratzea, «agerikoa» baitzen kanpaina ezingo zela «normal» egin eta bazitekeela hauteskunde egunean «zailtasunak» egotea segurtasun protokoloak betetzeko, «eta, horrela, kutsatzeko arriskua areagotzea».

Amaya Fernandez EAEko PPko presidenteak ere nabarmendu zuen alderdi guztiak ados jarri izana. «Orain albo batera utzi behar dira mugei eta eskumenei buruzko eztabaidak».

Zerrendak itxi zituztenean, ustekabeak egon ziren. Miren Gorrotxategik Ahal Dugu-ko primarioak irabazi zituen, eta, Lander Martinez idazkari nagusiak dimisioa eman ondoren, Gorrotxategiren ildoarekin bat datozen hautagaiek bete zituzten Elkarrekin Podemosen zerrendetako aurreneko postuak. PPren kasuan, berriz, Carlos Iturgaiz zen hautagaia, Madrilek erabakita, eta Alfonso Alonso presidenteak dimisioa eman zuen.

EAJren Arabako zerrendan, Iñigo Urkullu, Jone Berriozabal, eta Jose Antonio Suso dira lehenengo izenak. Bizkaikoan, Leixuri Arrizabalaga, Josu Erkoreka eta Iñigo Iturrate. Gipuzkoan, Bakartxo Tejeria, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Joseba Egibar.

EH Bilduk Mikel Otero, Eba Blanco eta Josu Estarrona aurkeztu ditu Arabako zerrendaburu gisa. Jasone Agirre, Iker Casanova eta Pazis Garcia aurkeztu ditu Bizkaian. Gipuzkoan, berriz, Maddalen Iriarte, Nerea Kortajarena eta Rebeka Ubera dira lehenak.

Elkarrekin Podemosek Gustavo Angulo aurkeztu du Araban, Miren Gorrotxategi Bizkaian, eta David Soto Gipuzkoan.

PSE-EEren zerrendaburuak Gloria Sanchez, Txarli Prieto eta Maria Jesus San Jose dira, Araban. Bizkaian Idoia Mendia, Jose Antonio Pastor eta Sonia Perez. Eta Gipuzkoan, Eneko Andueza, Susana Corcuera, eta Iñaki Arriola.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Azken porturaino

AZKEN PORTURAINO

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Euskal presoak bisitatzera joateko, milaka kilometro egin behar izaten dituzte haien senide eta lagunek. Andaluziako Puerto de Santamariako espetxeetara egindako bidaia baten kronika da hau.
Mirentxin gidarietako boluntarioek gidatzen dituzte furgonetak. ©NAGORE ARIN
Sare Herritarrak atzo Donostiako Kontxa hondartzan eginiko mosaikoa. ©SARE

Olatu bat konponbidearen itsasertzera

Jon O. Urain

Sarek deituta, 600 lagunez osatutako mosaiko bat eratu dute Donostian. Espetxe politika aldatzeko eskatu dute
 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna