Haurren irteerak Hegoaldean

Noraino irten kilometro bateko eremuan

Gaindegiak mapa interaktibo bat prestatu du, bizilekuan klikatu eta kilometro bateko mugak noraino iristen diren erakusteko.

2020ko apirilaren 24a
12:26
Entzun

Igande honetatik aitzinera, kalera atera ahal izango dira Hego Euskal Herriko haur eta nerabeak. Aste hasierako nahasmenduaren ostean, pixkanaka ari da Espainiako Gobernua irizpideak argitzen; haurrak egunean behin ateratzen ahalko dira, etxetik kilometro batera urrutienez, eta ordubetez, 09:00etatik 21:00etara. Eta ateraldietan, paseoan edo jolasean ibili ahal izango dira; hori bai, ezingo dira jolas parkeetara sartu, eta jostailuak —baloia edo patinak, erraterako— etxetik eraman beharko dituzte.

Hori horrela, mapa interaktibo bat prestatu du Gaindegiak, jendeak jakin dezan noraino irten ahal izango den. Erabiltzaileak bere udalerria bila dezake bilatzailean, eta etxebizitzaren gainean klikatuta, kilometro bateko eremua bistaratzen du mapak.

 

Igandean kalera atera nahi dutenek, ordea, hobe izango dute goizez ateratzea. Izan ere, Euskalmetek jakinarazi duenez, goizean lainoak eta ostarteak izango dira nagusi, baina arratsaldean euria egingo du, eta tarteka ekaitza ere bota dezake; batez ere, barnealdean. Tenperatura altuenak hogei gradu ingurukoak izango dira.

Etxetik irten gabe sei aste beteko dituzte Hegoaldeko umeek asteburuan —Iparraldean, konfinamendua zertxobait malguagoa da, eta ateratzeko baimena izan dute hasieratik—, eta zazpigarren astetik aitzinera ere mugatuta irtengo dira: haurrak guraso batekin edo anai-arreba nagusi batekin ateratzen ahalko dira, betiere denak elkarrekin bizi badira; gehienez, hiru adingaberekin irtengo da heldu bakoitza. Landa eremuan, berriz, mendi ingurura joateko baimena ere izanen dute, ordubetez. 14 urtetik beherakoei eragingo diete irizpideok; Salvador Illa Osasun ministroak azaldu duenez, 14 eta 18 urte bitartekoak beren kabuz atera daitezke etxetik, adibidez, erosketak egitera, «gurasoek egoki ikusten badute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.