Birusa uste baino hilabete bat lehenago heldu zen Europara

Osasunaren Mundu Erakundearen Txinako bulegoak Wuhango lehen kasuen berri eman aurretik, COVID-19aren gaixo bat atzeman zuten Paris inguruan. Frantziako militar batzuk Whanen izan ziren urrian, eta haiek ere gaixo egon zirela jakinarazi dute.

"Etxean gelditu" mezua, Parisko Olympia aretan, atzo. MOHAMMED BADRA / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 5a
11:51
Entzun

Abenduaren 27an, gaixo bat hartu zuten Paris inguruko ospitale batean. Pneumonia diagnostikatu zioten. Eztul lehorra eta sukarra zituen, baina oraindik ez zegoen COVID-19aren gaitzaren berririk Txinan. Gaitzak izenik ere ez zuen orduan. Izan ere, lau egun geroago eman zuen Osasunaren Mundu Erakundeak gaitz ezezagun baten berri, Txinako Wuhan hiritik zetorren informazioa aipatuta.

Paris inguruko Bobigny herriko biztanlea da gizona. Sendatu egin da geroztik, eta, Frantziako hedabideei esan dienez, ez zuen inora bidaiatu gaixotu aurretik. Alta, haren emazteak Parisko Charles de Gaulle aireportutik gertuko supermerkatu batean egiten du lan. Gizonari azterketa egin berri diote, eta COVID-19 gaitza pasatutakoa dela baieztatu dute. Emaztea aztertzen ari dira orain.

Urrian Whanen izandako militarrak

Urriaren 18tik 27ra militarren arteko Munduko Jokoak egin zituzten Whanen, eta 100 estatutako 10.000 atleta militar elkartu ziren han, tartean, Frantziako armadako 401 ordezkari. Horietako batek testigantza eman du, modu anonimoan, BFM TV telebista katean. Jokoetatik etxera itzuli zirenean ordezkaritzako kide asko gaixorik egon zirela jakinarazi du. Sukarra eta arnasa hartzeko zailtasunak izan zituzten, eta ohetik mugitu ezinik egon ziren hiru egunez. Frantziako armadak ez du asmorik agertu soldadu horiei testik egiteko.

Txinak abenduaren 31n jakinarazi zuen koronabirusa antzeman zuela, Whanen; eta Frantziako aurreneko kasu ofizialak urtarrilaren 24an baieztatu zituzten. Orduko kasu guztiak Wuhandik heldutakoak ziren, edo haien gertukoak. Beraz, Bobignyko gizonaren kasuak (abendu bukaeran) eta armadako kideen kasu baieztatu gabeek (urrian) erakutsiko lukete Frantzian orain arte uste baino lehenago zebilela birusa batera eta bestera.

Lehen gaixoaren bila

Ikertzaileak Txinatik kanpoko lehen gaixoaren bila dabiltza, izurria nola zabaldu zen jakiteko. Europako lehen kasu ofiziala, orain arte, Alemaniako gizon bat zen: Txinan urtarrilaren erdialdean egondako lankide batek kutsatu zuela uste dute.

AEBetan ere, lehen kasu ofiziala atzeman baino hilabete bat lehenago hil zen gizon bati birusa aurkitu diote autopsian. Zhao Lijian Txinako Atzerri ministroak polemika ere piztu zuen, militar talde estatubatuar bati egotzi ziolako birusa Txinara sartu izana.

Euskal Herrian, joan zen otsailaren 28an baieztatu zituzten lehenengo bi kasuak. Eusko Jaurlaritzak orduan esan zuenez, biak Euskal Herritik kanpo kutsatu ziren, bata Italian eta bestea Andaluzian (Espainia), baina ia horrekin batera beste jatorri batzuetako kasu gehiago agertu ziren. Ipar Euskal Herrian, berriz, Italian egondako talde batean agertu zen aurreneko fokua, martxoan, Atharratzen (Zuberoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.