El Salvador

Bukelek erronka bota die 'marei'

El Salvadorko presidenteak iragarri du gazte talde bortitzen aurkako hainbat neurri hartu dituela: besteak beste, espetxeak zigilatzea eta poliziei eta militarrei gazte horiek hiltzeko baimena ematea.

Zacatecolucako espetxe bat, iragan astean. EL SALVADORKO PRESIDENTETZA / EFE
ander perez zala
2020ko maiatzaren 5a
14:33
Entzun

Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak estrategia berriari eusteko asmoa du maren aurkako borrokan: iragan astean iragarritakoez gain, Bukelek jakinarazi du gazte talde bortitzetako kide presoen gelak zigilatuko dituztela, «kanpokoekin» harremanik izan ez dezaten: «Era horretara, ezingo dute jakin zer gertatzen den kanpoan, eta ezingo dira zeinu bidez komunikatu», azaldu du presidenteak.

Duela bi asteko asteburua Bukeleren agintaldiko eperik odoltsuena izan zen, gutxienez 40 lagun hil zituztelako 72 orduko epean, konfinamendu bete-betean. Gobernuaren ustetan, maren buruzagiek kartzelatik eman zituzten aginduak, eta hori eragozteko neurria litzateke gaur jakinarazitakoa. «Barruan daude, iluntasunean, beste taldeko lagunekin», El Salvadorko presidentearen arabera.

COVID-19arekin, Bukelek berehala itxi zuen herrialdea, eta, hortaz, maren kontrolpean dauden eremuak ere bai. Testuinguru horretan, segurtasun indarrak koronabirusaren aurkako zereginetan daudela baliatuta, gazte talde bortitzetako kideek 20 lagun hil zituzten apirilaren 24an; ostirala zen, eta, asteburu horretan, gutxienez 40 hiltzen zituzten.

Horren harira etorri da espetxean dauden 13.000 mara baino gehiagoren aurka egitea: besteak beste, etsaiak direnak espazio bera partekatzera behartu ditu, horrek eragin ditzakeen ondorioen zain; erabakiak beste helburu batekin zerikusia izan lezake ere bai, kartzelen kontrola berreskuratzearena. El Salvadorren 2004ko irailaren 2a egun sinbolikotzat dute, marek data horretan lortu baitzuten kartzelen kontrola eskuratzea.

Bukelek indarkeria amaitzeko helburua du, eta horren harira hainbat neurri hartu ditu, batez ere azken bi asteotan: iragan astean, esaterako, jakinarazi zuen poliziek eta militarrek baimena dutela maretako kideak hiltzeko: «Aurre egiten duen oro adoregabetuko dute indar proportzionala eta ziurrenik hilgarria erabiliz».

Espetxeetan, berriz, «larrialdi gorena» ezarri zuen, eta munduan berriz oihartzun handia izan duten irudiak zabaldu zituen: gazte talde bortitzetako kideak lurrean eserita, bata bestearen atzean. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra kezkatuta agertu da egoera hori dela eta, «askatasuna kentzen zaien pertsonen eskubideak arriskuan» daudelako.

Urte gatazkatsua

Bukele iazko ekainean bilakatu zen El Salvadorko presidente, hauteskundeak lehen itzulian irabazita –botoen %53 jaso zituen–. Beste hainbat hautagaik azken bozetako kanpainetan egin bezala, estatuburu berriak indarkeria amaitzeko promesa egin zuen, eta, askoren harridurarako, asteek aurrera egin ahala joera hori sendotzen hasi zen; hilketak gero eta gutxiago ziren, nahiz eta Bukelek ohiko estrategia erabili zuen: polizia gehiago, militar gehiago.

Kopuruei begiratzea besterik ez dago: 2017an, egunero 11 lagun hiltzen zituzten El Salvadorren; 2020ko martxoan, bi. Presidenteak urtebete baino gutxiago zeraman agintean, eta, horregatik, hildakoen kopurua jaitsi izana bere agintaldiaren arrakastatzat aurkeztu zuen.

Bien bitartean, Bukeleren eta Asanblearen arteko talka areagotzen ari zen; estatuburuak 84 diputatuetatik 11ren babesa besterik ez du, eta gainontzekoena negoziatu egin behar du. Oihartzun handia izan zuen, besteak beste, ganbera okupatu izanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.