Diru laguntzak

Kulturgileek langabezia saria jaso ahal izango dute, gehienez 180 egunez

Espainiako Gobernuak 76 milioi euroko diru poltsa bat sortu du kultur sektoreari laguntzeko.

Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' pelikularen filmaketa geldirik dago, behin behinean, pandemiaren ondorioz. NICO DE ASSAS
aitor biain
2020ko maiatzaren 6a
13:10
Entzun

Espainiako Gobernuak iragarri du hainbat neurri hartuko dituela kultur sektoreari laguntzeko. Horien artean daude, besteak beste, enpresa txikiei edo sortzaileei bideratutako zuzeneko diru laguntzak edo fiskalitatea arintzeko neurriak. Horrez gainera, artistek langabezia saria jasotzeko eskubidea ere izango dute; behin-behinean, hori bai, eta 180 egunez gehienez ere. Sektorearen aspaldiko eskaera bat da. Denera, 76,4 milioi euro jarriko ditu pandemiak sektorean eragindako galerei aurre egiteko.

Atzoko gobernu bileran onartu zituzten neurriok, alegia, alarma egoera ezarri eta ia bi hilabetera, baina Jose Manuel Rodriguez Uribes Kultura ministroaren hitzetan, lege dekretua «garai egokian» dator. Izan ere, Rodriguez Uribesek aitortu zuen ministerioak orain arte hartutako neurriak ez direla espero zitekeen bezain eraginkorrak izan, sektorearen berezitasunak direla eta. Azpimarratu zuen, halere, kultura «funtsezko sektore bat» dela gobernuarentzat, eta hura babesteko beharrezkoa diren neurri guztiak dituela dekretuak. 

Enpresei likidezia bermatzea izango da berehala martxan jarriko duten neurrietako bat, hain zuzen ere. 20 milioi euroko funtsa erabiliko dute horretarako, eta CREA SGR entitatea arduratuko da guzti hori antolatzeaz. Denera, 780 milioi euroren kredituak ematea da helburua. 

Alorrez alor aztertuz gero, zinemagintzarako neurriek izan dute harrerarik beroena. Laguntzak onartu zizkieten ikus-entzunezko ekoizpenei ordainketaren erdia aurreratuko zaie. Filmaketen zerga pizgarriak ere handitu egingo dira aurrerantzean, eta filmen estreinaldiaren baldintzak moldatuko dira. Hala, sareko plataformetan edo telebistan estreinatutako pelikulek ere laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Hamahiru milioi euro jarriko dituzte, halaber, zinema aretoei laguntzeko.

Musika eta arte eszenikoei, berriz, 38,2 milioi euroko laguntza emango zaie. Erakunde publikoek kontratatutako emanaldiei dagokienez, artistek kalte-ordainak jasotzeko aukera izango dute emanaldia bertan behera gelditu bada, edo ordainketaren zati bat aurreratzekoa, data atzeratu bada; betiere, hitzartutako ordainketak 50.000 euroko kostua gainditzen ez badu.

Lau milioi euroko laguntza emango zaie liburu denda independenteei, eta milioi bat eurokoa berrikuntza digitala xede duten arte garaikideko proiektuei. Horrez gainera, onura fiskalak handitu zaizkie kultur proiektuak diruz laguntzen dituzten herritarrei: %5 igo da kenkaria. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.