Hezkuntza

Maiatzaren 18tik aurrera ikasleak ikastetxera itzultzen hastea espero du Jaurlaritzak

Maiatzaren 18an itzuliko dira Batxilergoko bigarren mailako ikasleak eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetakoak, eta erdi mailako eta oinarrizko mailako bigarren mailakoak. Maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoen, Batxilergoko lehen mailakoen eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen ikasturtekoen txanda izango da.

Ikastetxe bat, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 7a
12:53
Entzun

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri du osasun egoerak aukera emanez gero hainbat mailatako ikasleak ikasgelara itzultzen hasiko direla maiatzaren 18an. Hezkuntza sistemako hainbat eragilerekin –ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea, hezkuntza patronalak, familia elkarteak, sindikatuak eta Euskadiko Eskola Kontseilua– bildu ostean eman du berria.

Maiatzaren 18an izango da Batxilergoko bigarren mailako ikasleen txanda. Lanbide Heziketari dagokionez, egun horretan itzuliko dira ikasgelara goi mailako zikloetako lehen eta bigarren mailako ikasleak eta erdi eta oinarrizko mailetako bigarren ikasturtekoak. Astebete geroago, maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen mailakoak itzuliko dira. Uriartek esan du aurrez aurreko eskolek egunean bost orduko ordutegi trinkoa izango dutela. Maiatzaren 18an eskolara itzultzea posible izango ez balitz, maiatzaren 25ean hasiko lirateke aurretik aipatutako ikasleak. Hala ere, ziurtatu du itzulera «mailakatua» egitea dela euren asmoa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zenbait neurri ezarri ditu aurrez aurreko eskoletara itzultzeko. Ikasgelei dagokienez, Uriartek azaldu du metro eta erdiko distantzia egon beharko dela «eskola postuen» artean. Horrez gain, maskarak erabili beharko dituzte ikasleek, irakasleek eta hezkuntzako gainerako profesionalek, eskolan nahiz atsedenaldian daudenean.

Ikastetxeetara sartzeko eta handik ateratzeko uneei dagokienez, «ikastetxe bakoitzak, euren autonomiaren arabera, une horiek antolatuko ditu», ziurtatu du Uriartek, eta erantsi du sartu eta irten ere «mailaka» egin beharko dutela. Bi sarrera eta irteera dituzten eskoletan, zein den sarrera eta zein irteera zehaztuko dute, beti norabide bakarrekoak izan daitezen.

Atsedenaldietan bete beharreko irizpideak ere zehaztu ditu Hezkuntza Sailak. Hainbat txanda ezarri beharko dituzte, ikasle guztiek ordu berean bat egin ez dezaten. Jantoki zerbitzurik, berriz, ez dute emango, «osasun eta segurtasun neurriak lehenesteko». «Jantoki zerbitzua abian ez jartzeak erraztu egingo du ikastetxeek euren ohiko ordutegiak egokitzea, aurrez aurreko irakaskuntzak egunean bost orduko ordutegi trinkoa izan dezan». Uriarteren hitzetan, aipatutako mailetako ikasleentzat ez da boluntarioa izango ikastetxera itzultzea. Hala ere, «ezohiko» egoerak egon daitezkeela aipatu du, eta kasu horiek aztertuko direla.

Haur eskoletako ume batzuek ere izango dute aukera itzultzeko. Uriartek esan du, zehazki, 0-1 urteko haurrak dituzten familientzat izango dela zerbitzua. Betiere, haien gurasoek edo tutoreek frogatu egin beharko dute funtsezko esparruetan lan egiten dutela edo mendekotasuna duten pertsonak zaindu behar dituztela. «Osasun Sailarekin lanean ari gara beharrezko neurriak zehazteko, baina gure aurreikuspena da zerbitzua eskaini ahal izatea maiatzeko azken egunetan edo ekainaren hasieran».

Hezkuntza bereziko ikastetxeez eta gela terapeutikoez ere aritu da Uriarte. «Maiatzaren 25etik aurrera, nahi duten familiek aukera izango dute beren seme-alabak gelara eramateko, Osasun Sailak esaten duen baldintzetan». Araubide Bereziko ikasketei dagokienez, maiatzaren 25etik aurrera, zentro bakoitzak, bere ezaugarrien arabera, erabakiak hartuko ditu gaiaren inguruan.

Irailean hasiko den ikasturte berriari buruz, berriz, ez du argibide handirik eman Uriartek. «Orain, gure lehentasuna da ikasturte hau nola bukatu». Hala ere, orain ezarriko dituzten neurriek «entsegu gisa» balio dezaketela esan du, eta irailerako «egoera desberdinak» ikusten dituztela. «Osasunak esango digu zer baldintzatan itzuliko garen».

Adostasunik gabe

LABek esan du Uriartek «hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko» asmoen berri eman diela; hainbat eskaera egin ditu sindikatuak, eta ohartarazi du plantorako deia egingo dutela eskolaratzean osasuna eta segurtasuna bermatu ezean. Ikasturte amaierara begira, hainbat gai «garrantzitsuak» iruditzen zaizkio: langile guztiei testak egitea; lan osasunerako eta segurtasunerako neurriak adostea langile kolektibo guztiekin; langile kopurua handitzea; curriculuma egokitzea... «Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema burujabea, publikoa eta komunitarioa elkarrekin antolatzeko momentua da».

ELA ere kritiko agertu da ikastetxeetara itzultzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen planarekin. «Ez da inola ere sindikatuek eta eragileek azken egunotan aldarrikatu eta galdegin dugun eredua», nabarmendu du ohar batean. Sindikatuekin kontsultatu eta negoziatu gabeko plan bat dela erantsi du.

Jaurlaritzak neurri batzuk jakinarazi ditu ikasleak ikastetxera itzultzeko, baina beste batzuen falta somatzen du ELAk: esaterako, tenperatura hartzea edo aurretik ikastetxeak desinfektatzea. Gainera, Hezkuntza Sailak «aurreikuspen eta planifikazio» falta erakusten dituela ziurtatu du, ikastetxeen jarduna berriro abiatzeko neurriak gauzatzeko behar izango diren giza baliabideei eta baliabide materialei buruz galdetutakoan.

Steilas ere ez dago gustura Jaurlaritzaren jarrerarekin: «Oraingoan ere, hezkuntza komunitatearekin adostu gabeko neurriak aurkeztu dizkigu». Steilasek azaldu duenez, segurtasun distantzia mantentzeko, hamabost ikaslek egon beharko dute ikasgela bakoitzean, eta saihestu egin beharko dira erabilera komuneko aretoak. «Irizpideak jakinarazi dizkigute, baina ez zer neurri hartuko diren horiek betetzeko». Sindikatuak salatu du ez diela lan baldintzen inguruko informaziorik eman, ezta ikastetxe publikoetako langileen inguruko daturik ere. Azaldu duenez, datorren urtera begira, «behin eta berriro» eskatu dute langile taldeak eurekin negoziatu ditzan, «klase bakoitzeko ikasle kopurua jaisten bada begi bistakoa baita irakasle hornikuntza handitu beharko dela».

Egindako bileran «ezjakintasuna eta inprobisazioa» nabaritu ditu sindikatuak, eta galdera asko «erantzun argirik gabe» geratu direla. «Zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritzak ekoizpena jarri du osasunaren aurretik oraingoan ere». Hainbat eskaera ere egin dizkio Steilasek Hezkuntza Sailari: ikasleen eta langileen osasuna bermatuta dagoenean soilik berrabiarazteko aurrez aurreko eskolak, etapa guztietan ratioak jaisteko, beharrezkoak diren langileak kontratatzeko, baldintzak bermatzeko eta Haurreskolak partzuergoa ez irekitzeko.

Ikastolen Elkarteak begi onez ikusi du ikasleak geletara itzultzeko plana «hemendik diseinatzen jarraitzea». Hala ere, uste dute ikasleak ikasgeletara itzultzeko erabakia Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin landu behar duela, eta «irizpide propioetan» oinarrituta egin behar dela.

Iruditzen zaio taldeen arabera ez baizik ikasleen egoeraren arabera hartu beharko luketela erabakia, eta ikasturte bukaerara begirako plangintza «egoera zailetan» dauden ikasleei begira egin beharko litzatekeela.

Neurriei begira, egokia iruditzen zaie ikasgeletara itzuli beharko duten mailen kopurua mugatu izana, baina iruditzen zaio zertxobait gehiago mugatu eta ez luketela itzuli beharko Batxilergoko lehenengo mailako eta Lanbide Heziketako lehenengo mailako ikasleek. «Horrek ikastetxeei lagunduko liguke Hezkuntza Sailak  gaur aurkeztu dizkigun segurtasun arauak zehatzago betetzen».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.