Hezkuntza

Sindikatuek diote baldintzak negoziatu ezean ez direla itzuliko eskolara

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk «aldebakarreko» erabakia hartzea eta «inprobisatzen» aritzea leporatu diote Hezkuntza Sailari.

Tolosako Laskorain ikastola. GORKA RUBIO / FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 8a
19:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzo iragarri zuen osasun egoerak aukera emanez gero zenbait mailatako ikasleak ikasgelara itzultzen hasiko direla maiatzaren 18an. Jaurlaritzaren asmoekin oso kritiko agertu dira sindikatuak, eta gaur erantzun bateratua eman diote Cristina Uriartek zuzentzen duen departamentuari. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, gaur arratsaldean kaleratutako oharrean, ohartarazi dute ikastetxeetara itzultzeko baldintzak negoziatu eta langileen osasuna bermatu ezean maiatzaren 18an ez direla lanera joango.

Uriartek atzo jakinarazi zuen hilaren 18an itzuliko direla Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, eta maiatzaren 25ean, besteak beste, DBHko laugarren mailakoak eta Batxilergoko lehen mailakoak. Aurrez aurreko eskoletara itzultzeko zenbait neurri ezarriko dituztela iragarri zuen Uriartek, tartean metro eta erdiko distantzia «eskola postuen» artean, eta maskarak erabiltzeko betebeharra ikasleek, irakasleek eta hezkuntzako gainerako profesionalek.

Sindikatuak, baina, erabakia jakin bezain pronto oso kritiko agertu dira Jaurlaritzaren asmoekin. Gaur, plana aztertzeko bilera bat egin dute ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek, eta berretsi egin dute kritika: salatu dute Uriartek ikastetxeetara itzultzeko aurkeztutako plana ez dela langileen ordezkariekin negoziatu. «Osasun krisi honen kudeaketa guztian bezala, aldebakarreko beste erabaki inposatu bat izan da». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren egoera ezagututa, ondorio argi batera iritsi dira sindikatuak: «Gaur-gaurkoz, ez dago langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko baldintzarik datorren maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko».

Mobilizazioak
Datozen egunetan sindikatuak hezkuntzako hainbat eragilerekin jarriko dira harremanetan egoerari buruzko gogoeta egiteko eta erantzun bateratua emateko. Halaber, ohartarazi dute behar adinako mobilizazioak abiatuko dituztela langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko.

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen ustez, Hezkuntza Sailaren plana «motz» geratzen da, eta segurtasun irizpide orokor batzuk baino ez ditu jasotzen. Gainera, Uriartek zuzentzen duen departamentuari aurpegiratu diote segurtasun irizpide horiek ikastetxeekin adostu gabe erabaki direla, eta ez direla aurreikusi neurriak abian jartzeko beharrezkoak diren baliabideak.

Neurriak «inprobisatzen»  aritzea eta osasun eta segurtasun protokoloak haiekin adostu gabe erabakitzea leporatu diote sindikatuek Hezkuntza Sailari. Horregatik, uste dute «arduragabekeria» litzatekeela maiatzaren 18an ikasleak ikasgelara bueltatzea. «Langileen eta ikasleen osasuna eta, beraz, gizarte osoarena, arrisku larrian jarriko litzateke».

Horiek horrela, oharra sinatu duten sindikatuek Hezkuntza Sailari eskatu diote ez dezala ikasgeletara itzultzeko plana abiatu osasun eta segurtasun neurriak negoziatu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.