Lapurdiko kostaldeko hondartzak irekitzea onartu du prefetak

Larunbat honetatik aitzina irekiko dituzte, Bidarteko Erretegia eta Zokoako gotorlekua salbu, obretan direlako. Gipuzkoan, berriz, gaur bildu dira Ingurumen diputatua eta kostaldeko alkateak, baina ez dute zehaztu zer egingo duten hondartza denboraldiarekin. 

Donibane Lohitzueko hondartza, konfinamendu garaian. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko maiatzaren 14a
12:50
Entzun

Larunbatean, goizeko seietatik aitzina, Ipar Euskal Herriko herritarrek itsasora salto egiteko aukera izanen dute. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak eta Lapurdiko kostaldeko herrietako auzapezek bilkura bat egin dute gaur arratsaldean, Baionako suprefeturan, eta hondartzak irekitzea onartzen duela erran die Frantziako Estatuko ordezkariak. Hondartza «dinamikoak» izanen dira: bainatzea, ibiltzea eta bestelako jarduerak baimenduak izanen dira, baina ez da hondarretan geldirik egoteko aukerarik izanen.

Aste hasieran bidali zioten eskaera prefetari, zortzi herrietako auzapezek izenpetutako gutun batekin. Izan ere, konfinamendutik ateratzeko baldintzen artean, Frantziako Gobernuak bide eman dio hondartzak irekitzeko aukerari, prefeten esku utzita erabakia. Hendaian, Ziburun, Donibane Lohizunen, Getarian, Bidarten, Miarritzen eta Angelun daude hondartzak Lapurdiko kostaldean.

Berri ona da, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezaren iritziz, eta baldintzak onartu besterik ez dutela erran du: «Konplikatua izanen da; herritarrei esplikatu beharko zaie, baina osasun baldintza berezi batzuetan gaude». Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrek muga pasatzeko aukerarik ez dutenez, jende gutxiago izanen dela espero du, eta, beraz, kudeatzeko errazagoa izanen dela. Uda betean 30.000 eta 40.000 pertsona bildu ohi dira Hendaiako hondartzan. Osasun egoerak ondoko asteetan duen bilakaeraren arabera, neurri murriztaileak pixkanaka apaldu egingo direla espero du.

Aste hasieran, itsasbazterreko ibilbideak irekitzea onartu zuen Pirinio Atlantikoetako prefetak. Martxoaren 17tik, Ipar Euskal Herria konfinamenduan sartu zenetik, debekatua zen sarrera. Zenbait lekutan neurri bereziak hartu dituzte, hala ere. Angelun, adibidez, zirkulazio zentzuak zehaztu dituzte ibiltariak ez gurutzatzeko.

Gipuzkoan erabakirik ez

Gipuzkoan, berriz, oraindik ez dute erabaki zer egin hondartza denboraldiarekin. Bilera egin dute gaur Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok, eta Hondarribiko, Orioko, Zarauzko, Getariako, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateek eta Marisol Garmendia Donostiako zinegotziak. Ingurumen diputatuak erran du 285.000 euro jarriko dituztela udan prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak egiteko, eta, gainera, laguntza eskaini die alkateei herri bakoitzeko hondartzaren inguruko txostenak egiteko.

Bileran, azpimarratu dute hondartzetan ezinbertzekoa izango direla distantzia soziala eta segurtasun neurriak. Ez dute zehaztu, ordea, noiz hasiko den hondartza denboraldia, eta hasiko balitz ere zer ekintza baimenduko duten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.