LGTBI-fobia

Urtebetean LGTBI komunitatearen aurkako 25 erasoren berri izan dute Araban

Urteroko txostena aurkeztu dute Gasteizko Udalak eta Ikusgune behatokiak. Gorakada izan da, baina ohartarazi dute eraso gehienak ez direla salatzen.

Eraso homofobo baten aurkako protesta Gasteizen, iazko uztailean. RAUL BOGAJO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 14a
14:35
Entzun

Bi emakumeren arteko maitasun adierazpenen aurrean barre egitea, politikari bati “maritxu” esatea, transexual baten eskaera “kapritxotzat” jotzea, gizon homosexual bati etxeraino jazartzea, irainak, mespretxu adierazpenak, eraso fisikoak egitea… LGTBI komunitatearen aurka halako 25 eraso izan ziren Araban 2019ko maiatzetik 2020ko apirilera. Gasteizko Udalak eta hiriburuko LGTBIfobiaren aurkako behatoki Ikusgunek gaur aurkeztu duten txostenaren arabera, gora doaz sexu joeraren edo genero aniztasunaren kontrako jardun horiek: iazko azterketan hamahiru eraso jaso zituzten, eta aurrekoan, hamabost. Argudiatu dute salaketa gehiago dagoela, gorroto diskurtsoa hazten ari delako, baina baita herritar gehiagok ezagutzen dutelako ere Ikusguneren lana. Txosten egileek nabarmendu dute “LGTBI+fobia handia” dagoela oraindik Gasteizen, “bai zuzeneko eraso gisa, bai modu sotilean ere, eta iruditeria kolektiboan oso errotuta dauden jokabideetan islatzen da”.

Igandean izango da LGTBIfobiaren aurkako eguna, eta horren harira eman dute txostenaren berri. Ez zaitzala LGTBIfobiak kutsatu kanpaina aurkeztu, eta “hiri libre eta askotarikoa eraikitzeko” deia egin du Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak. Hala ere, Gasteizko erasoak ez ezik, Arabakoak ere jaso dituzte txostenean. Ikusguneko ordezkari Amets Martinez de Hereditak azaldu du lurraldea asko aldatu dela azken hamarkadetan, baina oraindik “kultura sozial normatibo bat” dela nagusi: “Zapalkuntza egoerak sorrarazten ditu, eta arau soziala betetzen ez duten pertsonen aurkako erasoak ere bai”. Abagune orokorrari ere erreparatu dio txostenak, batik bat eskuin muturraren diskurtsoak hartutako indarrari: “Homosexualitatea sendatzeko terapien eskaintza ugaritu egin da”.

Gasteizko Udalak 2018an ondu zuen LGTBI herritarren errealitateei buruzko diagnostikoa, eta ordutik urtero ematen ditu komunitate horren aurkako erasoen berri. Ikusgune behatokia, berriz, iazko udan sortu zen, udalaren eta Lumagorri taldearen arteko elkarlanean. Orain beste pauso bat emateko unea dela ondorioztatu dute txostenen: “Estrategikoa den proiektu honek espazio fisiko bat izateko premia du, duintasuna emate aldera”. Egoitza horrek, gainera, hurbiltzeko aukera emango lieke teknologia berriekin moldatzeko zailtasunak dituztenei; izan ere, Ikusguneren webgunearen, sare sozialen eta telefonoaren bidez jasotako jakinarazpen guztiak 50 urtetik beherakoenak izan dira.

“Lesbianei, gayei, transexualei eta bisexualei adieraztea haien aurkako erasoak ez direla inola ere onargarriak, eta funtsezkoa dela haiek erregistratzea eta jendaurrean salatzea”. Horixe da txostenaren helburu nagusietako bat. Izan ere, Ikusgunek nabarmendu du eraso gehienak ezkutuan daudela oraindik, ez direlako salatzen: “Erruduntasun presuntzioa oso indarrean dago gure kulturan: ‘ondo merezita daukat, ‘errua nirea da’…”. Salaketa aurkeztea oztopatzen duten beste aldagaien artean aipatu dute jazarpenaren beldur izatea, indarkeria eta diskriminazioa normalizatuta edukitzea, erakundeei mesfidantza izatea, edota zigor sistema arbuiatzea. Ildo horretan, txostenak gogora ekarri du desoreka handiak daudela erasoen inguruan elkarteek eta administrazioek emandako datuetan. “Salatu diren eraso guztiak ez dira delitutzat jotzen, eta, horrenbestez, administrazioek ez dituzte zenbatzen”.

Erasoei dagokienez, homofobia gailendu da, hau da, gay gizonen aurkakoak; “lesbianak askoz ere ikusezinagoak dira jendarte patriarkalean”. Hain zuzen, ikusgaitasuna erronka bat da oraindik LGTBI komunitatearentzat: “Ez da nabarmenkeria kontu bat. Ikusgaitasuna aldarrikatzen dugu aitortza behar dugulako, eta eskubideak erreklamatzeko, baita geure izatea bera ere”. Eraso motetan, irainekin eta jazarpenarekin lotutako hamasei kasu zenbatu dituzte, gorroto diskurtsoarekin lotutako sei, eta hiru eraso fisiko. Halere, guztiak larritzat jo ditu Ikusgunek: “Ez dira bakarrik erasoa jasandako pertsonen aurka gertatzen, baizik eta kolektibo osoaren kontra”.

Hona hemen behatokiak eremuka egin duen azterketa:

Lantokia

Lan eremuan gertatu da salatutako eraso gehien: bost. Txostenak dio ohikoa dela LGTB kolektiboko kideek beren errealitatea ezkutatzea lantokian, ikusgaitasunak erasoak ekar ditzakeelako. Irainak eta umiliatzeak jaso ditu dokumentuak, baita transexual baten aurkako jazarpen kasu bat ere: trantsizioa abiatu aurreko argazkiak zabalduz, lankideen artean “barreak eta murmurioak” eragin zituzten, eta lan giro arrotza sortu. “Halakoak posible dira gainerako lankideen korporatibismoagatik, ez dituztelako jarrera horiek arbuiatzen, eta ez dietelako babesa adierazten transei”. Enpresei eta sindikatuei eskatu die diskriminazioaren aurkako planak lantzeko eta LGTB langileei beren eskubideak defendatzeko tresnak emateko.

Kalea

Espaziorik “kalteberena” da kalea, eta are gehiag, gauez. Ikusgunek oroitu du “diskriminatutako kolektiboen aurka jotzeko” aprobetxatzen dutela batzuek espazio publikoa: “Horrek iragana ekartzen digu akordura”. Jendaurrean egindako maitasun adierazpenek oraindik burlak dakartzatela jaso du txostenak, eta horrek eragina duela komunitatearen jokabidean: “LGTBIen %57ri askatasuna murriztu zaie kalean, eta %42ri aisialdian”.

Sare sozialak

Askotariko erasoak izaten dira sare sozialetan, eta tartean, harremanetan jartzeko aplikazioetan ere: irainak eta umiliatzeak, estortsio ekonomikoa, pertsona bat seropositiboa dela zabaltzea, gorroto diskurtsoak… Halakoen erabilerari buruzko gogoeta egin beharra aipatu du txostenak: “Kontua ez da beldurra ematea, baizik eta arduraz erabiltzeko deia egitea”. Horrekin lotuta, ohartarazi du giroa deritzon ostalaritza eremua gutxitzen ari dela: “Tresna birtualen erabilera premia bat bihurtu da, eta xantaiarako edo bestelako erasoetarako haztegi izan daiteke”. Eremu digitala arautzeko eskatu du Ikusgunek, eta LGTBI komunitatearen sozializazio espazioen egoera aztertzea gomendatu du.

Familia

Txostenak adierazi du familia indarkeria esparru izan daitekeela LGTB komunitatearentzat, denboran iraun dezakeena, eta nabarmendu du adingabeak bereziki kaltebera direla. Ildo horretan, iazko albiste larrienetako bat ekarri du gogora: 16 urteko mutil batek salatu zuen gurasoek jo egin zutela homosexuala izateagatik; zaintza kendu zioten sendiari. “Gurasoek gazteak etxetik botatzen dituztenean, kalte psikologiko larriak eragin diezazkiekeen zirkuitu sozial batean sartzen dira; administrazio publikoen lehentasuna izan beharko litzateke zirkuitu horiek hobetzea, eta ahalik eta erantzun azkarrena, eraginkorrena eta trauma gutxienekoena ematea”.

Politika

Txostenak aztertu duen aldian hiru hauteskunde izan dira, eta horrek agerian utzi du politikan ere hedatuta dagoela LGTBfobia. Dokumentuak berariaz aipatu ditu hauteslekuetan izandako bi eraso, eta salatu du Arabako politikari gay batek “etengabeko jazarpena” pairatzen duela eskuin muturreko alderdi politiko baten aldetik: “Eztabaida politikoan sexu joera edo genero identitatea arma gisa aipatzea LGTBI+fobikoa da”.

Administrazioa

Erakunde publikoetako langileen trebakuntza areagotu beharra berretsi du txostenak, eta koordinazioa hobetzea gomendatu du. Polizia aipatu du, besteak beste, jasotako kexa baten harira: irain batzuen inguruko salaketa tramitatzeari uko egin zioten, “gorroto deliturik ez zegoelakoan eta hura zuzenbide pribatuari zegokiolakoan”. Transexualen eskubideen berri ez izatea eta, ondorioz, trantsizioan den pertsona bati tratu egokia ez ematea ere salatu du txostenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.