Literatura

Jon Gerediagak irabazi du Xabier Lete olerki lehiaketa

Natura berriak obrarekin nagusitu da poeta bilbotarra. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du lehiaketa, eta aurtengoa bosgarren ekitaldia izan du

Jon Gerediagak poesia eta antzerkia landu ditu batik bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 16a
14:39
Entzun

Guztira 30 obra aurkeztu dira aurten Xabier Lete olerki lehiaketara, eta Igor Estankonak, Joxerra Garziak, Tere Irastorzak, Itxaro Bordak eta Lourdes Otaegik osatutako epaimahaiak hiru obra finalista hautatu dituzte: Poema liburu bat irakurtzeko jarraibidea (Alecrim), Berandutu zait bizitza (Jose Garcia) eta Natura Berriak (Jon Gerediaga). Azkenean, hiru horien artean Gerediagaren lana hautatu dute irabazle, eta, horrenbestez, sarituak Jose Ramon Andaren eskultura bat eta 12.000 euro jasoko ditu. Obra, gainera, «poesiaren edizioan eskarmentua duen argitaletxe batek» kaleratuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Epaimahaiak nabarmendu du Gerediagaren obrak estilo batasun eta kohesio handia duela, eta, batik bat, estilizazioan egin duen ahalegin poetikoaren kalitatea azpimarratu du. Halaber, naturaren betiereko bilakaera lantzeko eran autoreak erakutsi duen ausardia ere goraipatu du epaimahaiak, «poesia lanik handienetan» landu ohi den gaia baita. Hain zuzen ere, liburuaren gai nagusia da naturaren elementuen sorrerari eta iraupenari buruzko gogoeta poetiko-filosofiko bat, non edertasun ekologiko hori giza begiratuaren pean jartzen baitu olerkariak.

«Natura Berriak poema ederrez osatutako bilduma da, ideia ardatz jakin batzuen inguruan eratu duen etengabeko lanketa batean oinarritua. Behaketa poetikoaren aszetika dario obrari, eta, hurbileko behaketa orori dagokion legez, tempus geldo batean eraikia dago. Orobat, hainbat mende eta tokitako ekarpen poetiko ugari azaleratzen ditu, lerro artean kokatzen dituen zita xeheetan iradokitzen duenez», azaldu du epaimahaiak ohar baten bitartez.

Epaimahaikideen iritziz, Gerediagaren obrak «Urruneko Ekialdeko poesiaren fintasuna eta sakontasuna ere iradokitzen dituen arren, asmo poetikoa mendebaldekoa du: Lukrezio poeta-zientzialariari buruz egiten duen lehenbiziko zitan De rarum natura-ri buruz ari dela iradokitzen digu, sortutako materia ororen norabideari eta funtsari buruzko galderak eginez».  Asmo hori gauzatzeko, egutegi moduko bat egituratzen du egileak, eguneko orduen arabera garatua, «non gizakiaren bihotz hauskara azaltzen zaigun materia guztien artean, egunetik egunera orduen gurpilean murgilduta».

Gerediagaren aurretik, Karlos Linazasoro, Luis Garde, Asier Serrano eta Juanjo Olasagarre izan dira sarituak Xabier Lete lehiaketan.

Poesia eta antzerkia

Gerediaga Bilbon jaio zen,1975ean. Antropologia ikasketak egin zituen Bilbon eta Herbehereetan. Sorkuntzari dagokionez, poesia da gehien landu duen generoa; besteak beste, obra hauek ditu argitaratuta: Fitola Balba, Karpuki Tui (2004); Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007); Zentauro-hankak (2012); Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015); Urtaroak eta zeinuak (2019). Hemen irakur daiteke iazko irailean BERRIAn Iñigo Astizek Gerediagari azken liburu horren gainean egindako elkarrizketa.

1999. urtean, Antzerkiola Imaginarioaren kide gisa, zenbait antzerki lanen sorkuntzan parte hartu zuen; horren emaitza dira, esaterako, 8 Olivetti Poetiko (Hiru, 2001); Mundopolski (Artez, 2007); Yuri Sam, otoitza (Artez, 2007); Au revoir triunfadoreak (Artez, 2007); Babiloniako loreak (2009); Etxekoak (2015, Huts teatroa). 2003. urteaz geroztik, filosofiako irakasle dihardu Lauro ikastolan (Loiu, Bizkaia).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.