Lan harremanak

Etxeko langileentzako hitzarmen kolektiboa sortzea eskatu du LABek

Langile horien lan baldintzak hobetzeko eta haien eskubideak bermatzeko lan itun baten beharra azpimarratu du sindikatuak

Xurgagailuarekin lanean, etxean. BERRIA
xabier martin
2020ko maiatzaren 18a
13:23
Entzun

LAB sindikatuak esplikatu du COVID-19aren osasun krisiak "modu berezian" jo dituela sektorerik prekarioenak, "nagusiki emakumeek osatutakoak", eta horien artean dago etxeko langileena. Hala, Ipar Hegoa ikasketa sindikalen fundazioak etxeko langileen egoeraren inguruko azterketa bat egin du. "Etxeko langileentzat hitzarmen baten beharra dagoela nabarmendu dugu, eta hitzarmen horrek oinarri batzuk beharko lituzkeela jakinarazi dugu", esan dute Arantxa Vazquez LABeko exekutiboko kideak eta Ipar Hegoako analisien arduradun Oihana Lopetegik. "Araudiak erregulatzen ez dituen gaiak erregulatzea; Langileen Estatutuan etxeko langileen erregimen berezian eta ezartzen den bestelako araudian jasotzen diren oinarrizko eskubideak hobetzea; eta Hitzarmen Kolektiboan jasotzen dena betetzen dela bermatzea". Oinarri horiekin jarri nahi du martxan itun kolektibo berria sindikatu abertzaleak.

Etxeko langileen %30 inguruk ezkutuko ekonomian lan egiten du. Horren ondorioz, are eta zaurgarriagoak dira, "eta, kasu horietan, legea ez betetzeko aukerak zabaltzen dira", LABen arabera. "Bizitza sostengatzen duen oinarrizko lan batez ari gara: etxeko lanez eta zaintza lanez. Elkar zaintzeko beharra dugula eta izango dugula onartzen dugunean, lan horiei dagokien balioa eta lekua ematea ezinbestekoa izango da. Baina, oraingoz, etxeko langileak ikusezin, zapaldurik, eskubiderik gabe daude oraindik, gure bizitza sostengatzen duten bitartean".

Antolaturik, baina sindikatutik at

Etxeko langileen eta zaintzaren esparruan eskumenak dituzten instituzioak beste alde batera begira daudela uste du LABek. Pertsonen zaintza "sistemaren antolakuntzaren erdigunean" kokatzea nahi du sindikatuak, "langile guztien duintasuna eta zainduak izateko eskubidea" bermatzeko. Horretarako, ezinbestekotzatĀ  jo du urratsak egitea "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntzan".

Antolaketarako zailtasunak dituen sektore bat da etxeko langileena, bakarrik lan egiten dutelako, bakoitzak etxe batean, eta enplegatzaile desberdin batentzat. "Baina etxeko langileak historikoki egon dira antolaturik, nahiz eta ez sindikatuetan, LABek dioenez. "Sindikatuak ez gara izan etxeko langileak antolatzeko tresna orain arte, eta orain zor historiko hori gainditzeko helburua daukagu". Hala, "eredu sindikal tradizionala gainditzeko" eta etxeko langileek sindikalismoa beren tresna gisa ulertzeko lanean ari da LAB. "Sindikatuaren egitura aldatzen ari gara etxeko langileak bertan txertatzeko, helburu argi batekin: langile horien lan eta bizi baldintzak hobetzea".

Horregatik, etxeko langileentzako lan hitzarmen bat proposatu dute EAEko esparruan. Modu horretan langile horien lan baldintzak hobetuko direla uste du sindikatuak, "sektoreak urtez urtez jasan duen diskriminazioa gainditzen" hasiko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.