Donostiako hondartzak irekiko dituzte astelehenetik aitzinera

Hondartza denboraldia martxan paratu artean ez da sorospen zerbitzurik izango. Gainera, Kontxako hondartza itxi egingo dute marea igotzean, eta bainatzeko eta uretako kirolak egiteko bakarrik sartzen ahalko da. Gipuzkoako gainerako hondartzen eta Bizkaikoen kasuan, oraindik ez dute zehaztu noiz irekiko dituzten. Lapurdin, larunbatean ireki zituzten hondartzak. 

Donostiako Kontxako hondartza marea igotzean itxi egingo dute. JON URBE, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 19a
15:02
Entzun

Datorren astelehenetik aitzinera, Donostiako hiru hondartzetan eguzkia hartzeko aukera izanen dute donostiarrek. Gaur hartu du erabakia Eneko Goia hiriko alkateak. Hiriko hiru hondartzak —Kontxa, Zurriola eta Ondarreta— irekiko dituzte, baina ez da sorospen zerbitzurik izango. Kontxako hondartza, gainera, marea igo baino bi ordu lehenago itxi egingo dute, eta bainatzeko eta uretako kirolak egiteko bakarrik sartzen ahalko da. 

Joan den astean bildu ziren Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio; Hondarribiko, Orioko, Zarauzko, Getariako, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateak; eta Marisol Garmendia Donostiako zinegotzia, Gipuzkoako hondartza denboraldiarekin zer egin erabakitzeko. Ez zuten erabaki jakinik hartu, ordea. 

Goiak gaur iragarri duenez, hondartza modu «egoki» eta «neurtuan» erabili beharko da. Herritarren arteko segurtasun distantzia mantentzeko ezinbertzekoa dela nabarmendu du Goiak, eta aurreratu du hondartza denboraldia hasten denean ez dituztela urtero paratzen dituzten toldoak jarriko, herritarrek hondartza eremu handiagoa izan dezaten. 

Marisol Garmendia zinegotziak nabarmendu du aurtengo hondartza denboraldia «desberdina» izango dela. Hala, esan du Donostiako udala lanean ari dela sakelakoetarako aplikazio bat sortzen, hondartzan zenbat pertsona dauden eta zenbat gehiago egoten ahal diren neurtuko duena. Hiru hondartzetan, hondartzara sartu eta ateratzeko bideak espresuki prestatuko dituzte jendea pilatu ez dadin. Gainera, hondartzan kirola egiteko guneak ere zehaztuko dituzte. Komunei eta aldagelei dagokienez, komunak irekitzen ahalko direla nabarmendu du Garmendiak; ez, ordea, aldagelak. 

Lapurdin, hondartza «dinamikoak»

Lapurdiko kostaldean, larunbatetik dute aukera herritarrek hondartzara joateko. Bertako hondartzak, ordea, «dinamikoak» izango dira; ibiltzea eta bestelako jarduerak baimenduak izanen dira, baina ez da hondarretan geldirik egoteko aukerarik izanen. Obretan diren Bidarteko Erretegia eta Zokoako gotorlekua salbu, Lapurdiko bertze hondartza guztiak irekiak daude dagoeneko. 

Bizkaian ez da irekitzeko data jakinik

Bizkaiko hondartzei dagokienez, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak joan den astean aurreratu zuen ekainaren 15aren eta uztailaren 1aren artean ireki nahi dituztela Bizkaiko hondartzak. Osasun eta segurtasun neurriak hartuko dituztela erran zuen, eta protokolo bat ezarriko dutela hondartza bakoitzerako: «Eremu kontrolatu bat izango dira. Ezin dira ezarri kontrolatu ezin diren neurriak, ordea; herritarrei bizitza erraztu behar diegu», nabarmendu zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.