Aeronautika

Rolls Roycek 9.000 langile botako ditu

Kaleratzeak Euskal Herrira iritsi ahal dira, ITP Aero filialera. 

Rolls Royceren ikur bat, Londresen. ANDY RAIN / EFE
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 20a
13:15
Entzun

Hegazkinen industriak kolpe handia hartu du aire trafikoaren ia erabateko etetearekin, eta ez du espero berehalakoan suspertzea.

Uste ezkor hori baieztatu du gaur hegazkinetarako motor egile nagusiak, Rolls Roycek. Bost langiletik bat kaleratzeko asmoa azaldu du: 52.000 enpleguetatik, gutxienez, 9.000 joango dira kalera.

Kaleratze gehienak Erresuma Batuan gertatuko direla iradoki du Warren East Rolls Royceko buruzagiak, han dituelako lantegi gehienak eta hiru langiletik bi. Baina azaldu du oraindik ezin dela zehaztapenetan sartu: «Ez dugu erabat finkatu non izango diren lanpostu galerak, sindikatuekin hitz egin behar dugulako». Eastek esan duenez, ez dute espero 2019ko aire trafikoa  berreskuratzea beste hiru edo bost urtez.

Rolls Roycek 1.500 milioi euro aurreztu nahi ditu urtero eskarien txikitzeari aurre egiteko, eta 800 milioi inguru etorriko dira kaleratzeen bitartez. Fabrika batzuk ixtea ere posible da.

ITPren egoera

Berri kezkagarria da Euskal Herrirako, eta Bizkairako bereziki, han 2.000 langile enplegatzen dituelako Rolls Royceren filial batek, ITP Aerok. Zamudioko parke teknologikoan du egoitza ITPk, eta lantegiak ditu Barakaldon, Sestaon eta Derion. Azken hori iazko udazkenean ireki zuten, ITPko presidente Josep Pique eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria han zirela. 

1989. urtean sortu zuten ITP Aero, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Euskal Herriko Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin, besteak beste. Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira sortu zuten. 2016az geroztik, Rolls Royce du akziodun bakar; iaz Indra talde espainiarra negoziatzen aritu zen parte hartze bat erosteko, baina negoziazioek ez zuten fruiturik eman.

ITP Aerok eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuek aldi baterako enplegu erregulazio bat hitzartu dute Zamudioko lantokiko (Bizkaia) 1.200 langileentzat. Maiatzaren 1etik irailaren 30era gehienez 25 lanegun gutxiago egingo dituzte langileek.

ITPk plantak ditu beste hainbat herrialdeetan ere: Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Mexikon eta Maltan. Horietan 1.000 langile inguru aritzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.