Athletic

Aritz Adurizek futbola utzi du

Gorputzak «nahikoa dela» esan dio jokalariari. Medikuek aldakan protesi bat jartzeko gomendatu diote.

jarraia181618.jpg
Iosu Alberdi.
2020ko maiatzaren 20a
17:25
Entzun

Athleticeko aurrelari Aritz Adurizek sare sozialen bidez eman du albistea. Donostiarrak erretiroa hartzeko erabakiaren berri eman du, medikuek aldakatik ebakuntza bat egiteko gomendatu ostean: «Atzo bertan, aldakaren ordez protesi bat ezartzeko operazio gelatik lehenbailehen pasatu beharko dudala esan zidaten medikuek, bizitza arruntean ahalik eta normaltasun gehienarekin aritzeko behintzat». Ezingo dio lehiari Kopako finalarekin esan adio.

Aurrelariak denboraldi hasieran, iazko abuztuaren 9an, azaldu zuen aurtengoa izango zuela azken denboraldia. Amaiera horrek 2020ko ekainaren 30ean beharko luke, baina agurra aurreratu behar izan du COVID-19aren eraginez futbol profesionala eten delako eta bere gorputzak «nahikoa dela» esan diolako: «Ezin diet nire taldekideei behar eta nahiko nien moduan lagundu».

Adurizek gogoan izan du egungo osasun egoera, eta halako une batean beragatik ez kezkatzeko adierazi die zaleei. Era berean, «elkarri agur esateko» aukera izango dutela azaldu du: «Hemen amaitzen da niretzat ibilbide hau, oparoa, ahaztezina eta hasieratik amaieraraino zoragarria».

Oparoa izan da, bai, Adurizen ibilbidea. 19 urte zituela iritsi zen Lezamara, eta bi urte geroago egin zuen debuta zuri-gorrien lehen taldearekin. Jupp Heynckes zen orduan taldearen entrenatzailea, eta Amurrio lehen aurkaria, Kopan. Taldean lekurik ez, eta Burgosen eta Valladoliden jokatu zuen, utzita. Berriz ere etxera itzuli eta titular postua bereganatu zuen 2006an, baina bi urte geroago taldeak Mallorcari saldu zion Aduriz. Futbolari gisa emaniko lehen salto handia Valentziara iristean eman zuen, 2008an. Besteak beste, Txapeldunen Liga eta Europako Liga jokatu zituen han.

2012. urtea izan zen itzuleraren urtea. Jada 30 urte zituela berreskuratu zuen Athleticek aurrelaria. Zuri-gorriek behar zuten golegilea bilakatu zen. 2017-2018 denboraldira arte, urtero, gutxienez, 18 gol sartu zituen. Hala bilakatu zen Athleticen historiako golegilerik handienetan seigarrena, 172 gol sartuta; 2014-2015 denboraldian sartu zituen horietatik 36. Adurizen urterik onena izan zen hura, ateari dagokionez. Superkopa irabaziz hasi zuten denboraldia, eta Europako Ligako golegilerik handiena izan zen —inoizko beteranoena ere bai—: hamar gol sartu zituen, taldea final laurdenetan kaleratu arren. Bi urte geroago ere lortu zuen txapelketa hartako golegile nagusia izatea.

Iazko denboraldian, ordea, nabarmen jaitsi zen aurrelariak parte hartu zuen partida kopurua. 23 norgehiagoka jokatu zituen, eta sei gol sartu. Aurten, hamalau partida eta 202 minutu bakarrik jokatu ditu, lesioen eraginez. Gol bat sartu du: lehen jardunaldiko partidako 89. minutuan, Bartzelonari, eta atzerako artazi bat eginda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.