Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak «entzungor» egin diola euren proposamenari

ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk ohartarazi dute ikastetxeren batean segurtasun bermerik ez badago «beharrezko mobilizazioak eta ekimenak» abian jarriko dituztela, grebara jotzeko aukera barne.

Ikastetxe bateko gela bat hutsik. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 22a
16:12
Entzun

Astelehenean dira itzultzekoak ikasgelara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikasle. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek «inprobisazioa, arduragabekeria eta etengabeko irizpide aldaketak» izan direla salatu dute. Horren aurka, esan dute aste honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari proposamen «zehatz» bat helarazi diotela ikastetxeetarako itzulera «segurua, adostua eta kalitatezkoa» izan dadin. «Proposamenean, Hezkuntza Sailari galdegiten genion langileon ordezkariokin negoziatzeko eta adosteko ikasturte amaierarako plangintza; aurrez aurreko ikasketetara zein lanera itzultzeko baldintzak; eta segurtasun eta osasun neurriak eta protokoloak». Horrez gain, negoziazio prozesu hori abiatzen ez den bitartean «aldebakarrez» hartutako erabakiak bertan behera uzteko eskatu diote.

Sindikatuen hitzetan, Hezkuntza Sailak euren proposamenari dagokionez egin duen gauza bakarra dokumentu bat bidaltzea izan da, zeinak ez baitie erantzun ere egiten proposamenean ikasturte amaieraren plangintzarako planteatzen direnei. «Aldebakarreko plangintza abian jarri baino bi egun lehenago, gainera», zehaztu dute. Horrenbestez, iruditzen zaie argi dagoela helburua ez dela «negoziazio eta elkarrizketa erreal bat» bilatzea, ezta langileen ordezkarien proposamenak aintzat hartzea ere. «Hezkuntza Sailak langileen ordezkariak parte hartze eta negoziazio esparruetatik kanpo utzi nahi gaituela berresten da; izan ere, dokumentuan esaten denez, sindikatuok ordezkaritzarik izango ez dugun jarraipen batzorde bat sortu du», nabarmendu dute.

Eurek daukaten informazioaren arabera, astelehenean aurrez aurreko ikasketak oso ikastetxe gutxik jarriko dituzte abian, eta abian jarriko dituztenek ikastalde oso mugatuak hartuko dituzte, nagusiki errefortzu bat eskatzen duten ikasleak eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, USE azterketaren prestaketari begira. Hala ere, ohartarazi dute Hezkuntza Sailak denbora eta aurreikuspen nahikoz ikastetxe bakoitzarekin ikasgeletara modu seguruan itzultzeko «prozesurik, baliabiderik eta jarraibide egokirik» jorratu ez izanak eragina izan dezakeela itzultzeko baldintzetan. «Litekeena da ikastetxe bakan batzuetan osasuna bermatuz ikasketari ekiteko baldintzarik ez egotea edo osasun irizpideak lehenesten ez dituzten baldintzetan planteatzea itzulera».

Hori eragozteko, sindikatuek ikastetxez ikastetxe aztertuko dute egoera, eta, ikastetxeren batean osasun neurriak bermatzen ez badira, «euren esku dauden tresna guztiak» abian jarriko dituzte, ikastetxe horretako langileek lanera ez joateko aukera izan dezaten, «langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko». Iragarri dute sindikatuen arteko jarraipen batzorde propio bat sortuko dutela eta langileen eta ordezkarien esku jarriko dutela osasun neurrien inguruko galdetegi bat. «Osasun neurriak betetzen ez badira edo osasun irizpideak lehenesten ez dituzten baldintzak identifikatuz gero, sindikatuokin harremanetan jarri eta osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte beharrezko mobilizazio eta ekimenak abian jarriko ditugu, greba aukera barne».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.