Alemania

AfD ultraeskuindarra, zatitzeko arriskuan

Alemaniako oposizioko indar nagusiak barne krisi bat du kide ezagun baten kanporaketagatik. Talde parlamentarioko presidenteak garrantzia kendu dio gertaturikoari, arazoa «legala» delakoan.

Andreas Kalbitz AfDren diputatu ohia, artxiboko irudian. EFE
ander perez zala
2020ko maiatzaren 22a
16:31
Entzun

Alemaniako Gobernuaren aldeko babesa handitzen ari den bitartean, oposizioko indar nagusi den Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarra barne krisi batean dago murgilduta. Ez da edonolako gatazka, agerian geratu baita alderdia bitan zatitzeko aukera handia dagoela.

Andreas Kalbitzen kanporaketaren harira ari dira borrokan AfDren sektore kontserbadorea eta neonaziekiko harremana duena; iragan astera arte, Kalbitz alderdiaren diputatuetako bat zen parlamentuan, baina iraganeko gertakari bat ezkutatzeak hura kanporatzea eragin du, eta, hortaz, barne gatazka.

Kalbitzek 2013an eman zuen izena AfDn sartzeko, eta orduan ez zuen jakinarazi debekaturiko talde neonazi baten kide izan zela; iragan urtean, gainera, argitara atera zuten 2007an Atenasera joan zela beste hamahiru neonazirekin batera, eskuin muturraren ekitaldi batean parte hartzeko; gauzak gehiago okertze aldera, Kalbitzek alderdian sartzeko eskaria egiteko erabili zuen orria desagertu egin da.

Horren guztiaren ondorioz, AfDren buruzagitzak erabaki zuen hura alderditik botatzea, eta horrek bi sektoreen arteko gatazka eragin du; geografikoa ere bada talka, ekialdekoak —han dituzte emaitzarik onenak— ari baitira mendebaldekoen kontra.

Krisia agerikoa den arren, Alexander Gauland alderdiaren parlamentuko presidenteak gertaturikoari garrantzia kendu zion atzo, argudiatuta arazoa «legala» dela: «Ez da botereari buruzko borroka bat». Gauland bera Kalbiltz kanporatzearen aurka agertu da, eta alderdiko bi presidenteen jarrera kritikatu zuen, sektore kontserbadoreko Joerg Meuthen eta Tino Chrupallarena.

Horiek horrela, alderdiaren militanteak ere zuzendaritzaren erabakiaren kontra agertu ziren, eta hori gogorarazi zuen AfDren talde parlamentarioaren presidenteak, Kalbitzen itzulera aurreikusiz: «Hau guztia amaitzean, zalantza handiak ditut exekutiboaren erabakiak bere horretan jarraituko duen edo ez».

Alderdiaren zuzendaritzak jarrera moderatuagoa nahi du herritarrei begira, eta, estrategia horretaz, hauxe adierazi zion Meuthenek ARD kate publikoari, iragan astean egindako elkarrizketa batean: «Alderdi kontserbadore tradizional bat gara. Batasuna erakutsi behar dugu, baina, aldi berean, modu argian banandu behar dugu eskuin muturreko jarreretatik».

Gaulandez gain, Kalbitzen beste defendatzaileetako bat Bjorn Hocke da, alderdiaren Turingia landerreko presidentea; izan ere, biak dira alderdi barruko Der Flugel (Hegoa) muturreko mugimenduaren buruzagiak. Iragan martxora arte, fakzio gisara funtzionatzen zuen, baina, alderdiaren buruzagitzaren presioaren ondorioz, desegitea erabaki zuten —Alemaniako zerbitzu sekretuek ikertu egin zuten—.

AfD 2017ko hauteskundeetan sartu zen lehenengoz parlamentura, botoen %12,6 eta 94 diputatu eskuratuta. Pandemian, ordea, behera egin du haren aldeko babesak, eta inkesta gehienek %10 baino gutxiagoko kopurua eman diote, datozen bozetarako urte eta erdi falta dela.

CSUko kideak, bozetara begira

Markus Soeder Alemaniako Bavaria landerreko ministro-presidente eta Batasun Sozial Kristaua (CSU) alderdiaren buruzagia da pandemia irauten ari den bitartean herritarren artean duen ospea handitu duten politikarietako bat. Ez da gutxiagorako: Alemania izan da birusa modu eraginkorrean kontrolatu duten estatuetako bat, eta, landerretako buruzagien kontseiluko burua izanik, Soeder ia egunero agertu da telebistan. Eragin hori baliatuta, haren alderdikide geroz eta gehiagok uste dute Angela Merkelen ordezko izateko politikari egokiena dela.

Bavariako ministro-presidenteari ideia hori helarazi zioten atzo CSUko kideek, era birtualean egindako konferentzian. Soederrek oraingoz ez du ez baieztatu eta ez ezeztatu Merkelen Batasun Kristau-Demokrataren (CDU) alderdiaren primarioetara aurkezteko asmoa duenik, eta, hortaz, Alemaniako kantziler izan nahi duen.

Ez da ohikoa CDUren kantzilergaia bere aliatu CSUren politikari bat izatea. Izan ere, halakorik behin gertatu da soilik, 1980ko bozetan: CDU-CSU aliantzak diputatu gehien lortu zuen arren, ez zuten Franz Josef Strauss kantziler aukeratu, Alderdi Sozialdemokratak eta Alderdi Demokratiko Liberalak koalizio bat osatu baitzuten.

Oraingoz, hiru hautagai aurkeztu dira Merkelen alderdiaren barne lehiara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.