Ikerketa

Txinan garatzen ari diren txerto baten lehen emaitza onak iragarri dituzte

Lehen aldiz, boluntario talde handi batekin aztertu dute COVID-19 gaitzaren kontrako txerto bat, eta segurua dela eta immunitatea sortzen duela ondorioztatu dute.

CanSino Biologics enpresaren laborategia, Tianjinen (Txina). CANSINO BIOLOGICS
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 22a
20:49
Entzun

Txinatik zabaldu zen gaitza, eta baliteke Txinatik etortzea sendabidea. Pekingo Bioteknologia Institutuko eta CanSino Biologics konpainiako ikertzaileek txerto bat garatu dute, eta haiek egin dute lehenbiziko proba. The Lancet aldizkarian argitaratu dute ikerketa. 18 eta 60 urte arteko 108 boluntario osasuntsuri jarri diete txertoa. Hiru taldetan banatu dituzte: lehenengo taldeko boluntarioei txertoa izateko hautagaiaren dosi txikia eman diete, bigarrenekoei ertaina eta hirugarrenekoei handia. Injekzioan dagoen birus partikula kopurua da dosien arteko aldea. Giharrean sartu diete gaia.

Txertatu eta zazpi egunera, hainbat erreakzio txar sumatu dituzte proban parte hartu dutenen boluntario gehienetan, batez ere, giharretako mina, nekea, sukarra eta buruko mina. Edonola ere, sintoma horiek arinak izan dira. Ez dute erreakzio txar larririk atzeman txertatu eta 28 egunera. Baina boluntarioen odoletan antigorputzik sortu ote diren aztertu dute, eta baita atzeman ere 14 egunetik aurrera.

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, «txertoa jasangarria da, eta immunitatea sortzen du txertatu eta 28 egunera, heldu osasuntsuetan, eta T zelulen erantzun azkarrak atzeman dira 14. egunetik aurrera». T zelulak edo T linfozitoak infekzioen aurkako erantzunaren eragileak dira. Hezur muinetan sortzen dira, eta funtsezkoak dira immunitatean.

Dena den, probak ez du esan nahi txertoa laster plazaratzeko moduan egongo denik. Ikertzaileek ere adierazi duten¨ ikerketa gehiago» behar duela. Edonola ere, orain arte eginiko probarik serioena da.

Izan ere, astelehenean bertan eman zuten ezagutzera orain arte probaturiko lehen txertoa, AEBetako Moderna konpainiak eginikoa, baina bakarrik 45 boluntario erabili dituzte proban. Ondorioztatu dutenez, lehenengo zortzi saioetan, gaitza gainditu duten pertsonen adina antigorputzak sortu zituen txertoak, enpresak esan zuenez.

AEBetako agintariek baimena eman diete bigarren fasera pasatzeko, eta txertoa 600 boluntariorekin probatzeko. Uztailean, milaka pertsonekin probatu nahi dute.

Dena ondo bidean, txertoa urte amaierarako egongo litzateke kalean AEBetan, eta 2021. urtearen hasieran Europan. EBko hainbat enpresa ere ari dira txertoak garatzen.

Azkenean, txertoa noiz eta nondik helduko den ikusgai dago, baina aste honetan plazaraturiko probek erakusten dute munduko laborategiak azeleragailua sakatuta dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.