Bi bidaiari atera dira bizirik Pakistanen izan den hegazkin istripuan

Pakistan Internacional Airlines konpainiako hegazkin bat Karatxiko auzo batean erori da. Bi pertsona atera dira bizirik.

Lanak, hegazkinak jo zuen etxeetako batean. SHAHZAIB AKBER, EFE
2020ko maiatzaren 23a
09:17
Entzun

Bi bidaiari atera dira bizirik atzo Karatxin izan zen hegazkin istriputik. Guztira, 97 dira hildakoak. Hegazkinean 99 pertsona zihoazen, 91 bidaiari eta tripulazioko zortzi kide. Bizirik atera diren bi bidaiariak ospitalean daude, egonkor. Ospitalera iristean horietako batek bizi izandakoa kontatu du: "Hegazkinak lurra jo zuen, eta gero sua besterik ez nuen ikusten. Ez nuen jendea ikusten", esan du ospitaleko ohetik Mohamed Zubairrek Geo Pakistango telebistan. "Oihuak entzuten nituen alde guztietatik. Haurren oihuak, helduenak, adinekoenak", gehitu du. Segurtasun uhala askatu eta argia ikusten zuen lekura joan zela azaldu du. "Argirantz joan nintzen eta asmatu nuen. Hiru bat metroko jauzi bat egin behar izan nuen ateratzeko".

Zubairrek erredurak dauzka gorputzaren heren batean eta ondo dagoela esan du Karatxiko Ospitaleko medikuetako batek. Bizirik atera den beste bidaiaria Zafar Masood da, Punjab Bankuko presidentea. Beste hamabi pertsona ere zauritu dira istripuan, baina horiek lurrean zeuden eta hegazkinaren erorketak eragin dizkie zauriak; emakumeak dira gehienak eta egonkor daude horiek ere. Izan ere, hegazkina Karatxiko auzo batean erori zen. Inguruko etxeetan kalte handiak eragin ditu, gainera.

Zubairrek esan du Karatxiko aireportura gerturatzen ari zirela pilotuak lur hartzera zihoazela jakinarazi ziela bidaiariei, baina gero utzi egin zuela maniobra hori, eta hamar edo hamabost minutu geroago saiatu zela berriro; orduan izan zuen istripua. Hegazkina A320 Airbus bat da, eta PK8303 hegaldia ari zen egiten, Lahore eta Karatxi artean. Bidaiarien artean bederatzi haur zeuden. Lehen datuen arabera, akats tekniko batek eragin du istripua. Lur hartzera zihoanean erori zen. PIAko kontseilari ordezkari Arshad Malik generalak adierazi du pilotuak "horrelako gertaeretarako" prestatuak zeudela. Imran Jan lehen ministroak iragarri du ikerketa bat hasiko dutela zer gertatu zen jakiteko.

Aire kontrolatzaileen arabera, aireratu eta ordu eta erdira galdu zuten pilotuarekiko harremana. Horren aurretik, aparatua indarra galtzen ari zela jakinarazi zuen pilotuak, eta handik minutu gutxira egin zuen laguntza deia. Istripuaren zergatiak ikertzen ari dira segurtasun indarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.