«Turista atzerritarrei» sartzeko baimena emango die Espainiak uztailetik aurrera

Madrilgo Gobernuak oniritzia eman dio futbol ligari jarraitzeko, ekainaren 8tik aurrera.

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian. PRICARDORR / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 23a
15:13
Entzun

«Tunelaren amaiera ikusten ari gara. Atzean geratu dira unerik beltzena», hala hasi du gaur arratsaldeko agerraldia Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. Hainbat erabakiren berri eman du: oniritzia emango diote futbol liga jarraitzeko, ekainaren 8tik aurrera. Horrez gain, uztailetik aurrera «atzerritarren sarrera baimenduko da, segurtasun neurriekin». Azkenik, datorren astean onartuko dute oinarrizko errenta.

«Kurba makurtzea duela asteak lortu dugu», adierazi du Sanchezek. Azken asteetan sendatutakoen kopurua diagnostiko berriak baino askoz handiagoa izan dela adierazi du: 13.328 sendatuak, 3.994 kasu berrien kontra. Horrez gain, birusaren kutsatze tasa mugatzea lortu da. «Atzo R zenbakia 0,1 da. Beraz, esan dezakegu lortu egin dugula».

Herritarrek makurtu dute kurba, nabarmendu duenez, eta pandemiaren «uhin handia» gainditu dela. Edonola ere, birusa ez dela galdu gogoratu du, «zelatan dago oraindik». Ezin dugu lasaitu, eutsi behar diogu denok hartu dugun erantzukizun dosia. Osasun larrialdiak jarraitzen duela nabarmendu du. Txertoa lortu aurretik, herritarren erantzukizunari dei egin die. Izurria berriz zabaltzea litekeena dela gogoratu du, OME aipatuta.

Azken txanpa geratzen dela adierazi du. Datozen asteotan oraindik muga batzuk egongo dira, jarduera ekonomikoan eta joan-etorrietan. Baina oso aste gutxi izango direla ziurtatu du,nahiz eta gogoratu oraindik ere mugatuko dutela mugitu ahal izate.

Larrialdi egoeraren figura juridikoa goraipatu du Sanchezek. «Tresna bakarra da birusa gelditzeko. Larrialdi egoerak ez du zerikusirik politikarekin, onura ekarri die denei, ez du zerikusirik eskumenekin».

Larrialdi egoera luzatzeko bozketa salbatzeko EH Bildurekin eginiko itunaz galdetu diote. «Zer ari ginen bozkatzen asteazkenean? Bosgarren luzapena, hau da, daukagun tresna bakarra arintzea pilotatzeko. Luzapena onartu ezean, bihar bertan edonor joan zitekeen bigarren etxebizitzara, edo nahi adina pertsonarekin batu». Hori onartzeko gehiengorik ziurtatua ez zutela adierazi du, PPk ezetz bozkatzea erabaki zuelako. «Horrek eragin du irekitzea aukera larrialdiarekin zerikusirik ez duten kontuetara. Dena saihets zitekeen PPk alde bozkatu izan balu». Luzatzearen kontra bozkatzea «arduragabea» dela adierazi du.

Sanchezek gogoratu du 2012ko Lan Erreforma ez zela «baketsua» izan. «PPren gehiengo osoak inposatu zuen, eta gizarte elkarrizketa apurtu zuen. Ezinegona dago geroztik lan eremu askotan inposizio harekin, ezin izan dena zuzendu». Bajarengatik langileak kaleratzea ahalbidetzen zuen neurria atzera botatzea lortu zutela gogoratu du. Lan erreforma «zuzendu nahi dugu, krisi honi erantzun positiboa emateko. Hori gizarte elkarrizketarekin egin nahi dugu».

Futbola, ekainetik

Futbol profesionalaren erakundeekin batera adostu dute argi berdea ematea futbol liga jarraitzeko, uztailaren 8tik aurrera. Ligak esana du 12an nahi dituela partidak hasi; klubak datorren ostegunean bilduko dira, baina jokalariek eta entrenatzaileek esan dute 12a «goizegi» dela partidak jokatzen hasteko. Museoak, zinemak eta bestelakoek jarduera berreskuratuko dute pixkanaka.

Ostalaritza eta turismoa aipatu ditu, eta bi iragarpen egin ditu: turismo sasoia egon egongo dela esan du. «Gonbidatzen dut turismo egoitzak prestatzeko datozen egunetan, espainiarrak hartzeko. Herritarrei ere dei egiten diet planifikatzeko oporrak geure turismoan egiteko».

Uztailetik aurrera «atzerritarren» sarrera baimenduko da. Eskatu die haiei ere planifikatzeko oporrak Espainian. Segurtasun neurri handiekin egingo dela aipatu du, «kanpotik ere ekar ez dezaten gaitzik. Turismoak segurtasunaren zigilua izango du, eta planetaren sostengagarritasunarena».

Pobretasun arriskua nabarmendu du, eta iragarri du datorren astean onartuko dutela oinarrizko errenta. «Europako beste leku batzuetan badago», esan du. Egitasmoak 3.000 milioi euro kostatuko dela esan du. Bi milioi haur daude pobrezia arriskuan, gogoratu duenez. Familiaren tamainaren eta haren diru sarreren arabera emango dute errenta laguntza. «Beste krisi bat hamar urteko epean. Pentsarazi behar digu. Orduan aterperik gabe utzi zen jende asko».

Klima larrialdiaz ere mintzatu da. «Larrialdia zer den ulertu dugu koronabirusarekin. Zientziak esan digu aspaldi hurrengo larrialdia klimatikoa izango dela». Neutraltasun klimatikoa lortzeko beharraz mintzatu da, eta, agindu duenez, sistema elektriko guztia berriztagarria izango dela 2050. urterako.

«Azken asteotako balantzea ona da: gizarte batek gelditu egin du azken mendeko osasun hondamendirik handiena».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.