ELA eta LAB ez dira itzuliko Jaurlaritzaren krisi mahaira

«Argazki huts bat» eta «propaganda» dela ziurtatu dute, eta Iñigo Urkulluri egotzi diote sindikatuen ekarpenei jaramonik ez egitea.

Perez, Tapia eta San Jose sailburuak, krisi mahaiaren martxoko bilera telematiko batean. JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 25a
12:51
Entzun

ELAk iragarri du ez duela parte hartuko Eusko Jaurlaritzak asteazkenerako deitutako krisi mahaian, espazio hori «alferrikakoa eta propagandistikoa» dela iritzita. Sindikatuak gogorarazi du azken bileran parte hartu zuela, eta egiaztatu zuela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez zuela «sindikatuen eskaeretako bat bera ere entzuteko asmorik».

Jaurlaritzarekin aurretik ere esperientzia «etsigarri asko» izan diren arren, ELAk gogorarazi du osasun krisiak eragindako salbuespen  eta larritasun egoeraren aurrean mahai sozioekonomikoan parte hartzea erabaki zuela, eta elkarrizketarako eta akordioetarako prest zegoela, osasun publikoa zaintzeko, gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko eta enplegua babesteko.

Hala ere, hiru bilera egin ostean, ELAk adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez dituela «sindikatuen ekarpenak entzuten eta kontuan hartzen». Mahaia «informazio foro hutsa da, eduki errealik ez duena, eta ekarpenek ez dute ez jarraipenik ez interesik Eusko Jaurlaritzarentzat: errealitatean ez dagoen adostasun bat eta akordio irudia helarazteko propaganda hutsa da».

Aldi berean, ELA kezkatuta dago, uste baitu konfinamenduaren asterik gogorrenetan Eusko Jaurlaritzak kudeaketa aldebakarrekoa eta okerra egin duela. Esan duenez, ez du ulertzen Jaurlaritzak pandemiarekin duen estrategia, «Ezta haren presa, zuhurtasun falta eta patronalaren aldeko ikuspegia ere». Neurri sozial eta ekonomiko urriei leuntze fasearen «kudeaketa onartezina» gehitu zaiela gaineratu du. Izan ere, ELAk gogorarazi du ez dela neurri bakar bat ere adostu sindikatuekin.

Sindikatuaren ustez, lantokietan, eta bereziki Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden lantokietan (Administrazioa, Justizia, Osakidetza, Hezkuntza...), deseskalatzea egiteko protokoloak agerian utzi du «Eusko Jaurlaritzaren modus operandi-a autoritarismoa eta aginte bakarra» dela.

Gizarte larrialdiari aurre egiteko eta enplegua babesteko premiazko neurriak hartzeko beharra azpimarratu du. ELAk langabeen estaldura hobetuko duten eta enpleguari eusten eta enplegua erregulatzeko espedienteek enpleguan duten eragina gutxitzen lagunduko duten akordioak lortzeko prest jarraitzen du. «Mahai honen eraginkortasunik eza ikusita, beste sindikatuekin eta gizarte erakundeekin batera mobilizazio soziala partekatzen jarraituko dugu, egungo politikak aldatzeko eta egungo krisiari irtenbide justua emateko», gaineratu dute.

ELAren antzeko mezu bat plazaratu du LABek ere. «Orain arte izandako bilerek ez dute ezertarako balio izan langileen ikuspuntutik. Hiru bilera egin dira jada, eta Eusko Jaurlaritzak eta EAJk eragile sozioekonomikoekin argazkiak ateratzeko soilik baliatu dituzte. Hartzen dituzten erabakiak eragile sozioekonomikoekin batera hartzen dituztela irudikatu nahi dute, gezurra denean, LABekin behintzat. Eusko jaurlaritzak aldebakartasunez funtzionatzen du, LABek botatzen dituen ekarpenei jaramonik egin gabe. Estatuko Gobernua kritikatzen du Jaurlaritzak, baita guk ere, erabakiak aldebakartasunez hartzen dituelako, eta zentralizazioa inposatzen ari delako. Bada, Jaurlaritza berdin egiten ari da, langileen beharrak kontuan izan gabe», adierazi du Xabier Ugartemendia sindikatuko ekintza sindikaleko idazkariak.
 

LABek ere ez

Jaurlaritzak aldebakartasunez hartzen dituen erabakiak patronalari begirakoak dira, patronala asetzeko: «Azken bileraren aurretik esan genuen, bide horretatik jarraituz gero, gure partaidetzarekin jarraitzea aztertuko genuela. Hala, LABek erabaki du asteazkeneko mahaian ez parte hartzea, erabiliak izan garelako eta langileak pairatzen ari diren egoera bilera hauetan ez direlako kontuan hartzen», azaldu du Ugartemendiak.

Nafarroan, berriz, beste jarrera bat izango du LABek, nahiz eta ez dagoen gustura Maria Txibiteren gobernuaren jardunarekin. Asteazkenean da biltzekoa Nafarroako Kontseilu Ekonomikoa eta Soziala, Gobernuaren Nafarroa Suspertu plana aztertzeko. Imanol Karrera Nafarroako LABeko arduradunaren iritziz, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen hasierako dokumentuaren norabidea «betikoaren jarraipena da, krisi honetara ekarri gaituen sistemaren jarraipena. Nafarroa suspertzeko edozein planek egungo eredua gainditu behar du nahitaez, eta kapitala babestu beharrean langileak babestu behar ditu».

LABek neurri sorta bat proposatu ditu krisiari aurre egiteko.

-Enplegu suntsiketari, lan baldintzen kaskartzeari, lan osasunari eta krisiaren ondorio sozial larriei aurre egiteko lehentasunezko neurriak eztabaidatu eta adostea.

-Pertsonen eta naturaren zaintza aintzat hartu eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioari ekitea; lan guztiak aitortu eta banatuko dituen eredu bat, zerbitzu publiko duinak bermatuko dituena eta ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriaren alde egingo duena. 

-Aberastasuna hobe birbanatzeko plan baten beharra. Zerga politikak sakoneko aldaketa bat eskatzen du. Diru gehiago bildu behar da, eta biltzen den dirua modu progresiboagoan bildu behar da, errenta altuak, enpresa irabaziak eta kapitala gehiago zergapetuz. 

Garbiñe Aranbururen hitzetan, «baditugu proposamenak; ez diogu eztabaidari uko egiten: langileak babestuko dituen akordioak gauzatzeko helburua izango duten eztabaida markoak nahi ditugu. Gune parte hartzaileak, eztabaidarako eta adostasunak bilatzeko guneak izatea nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.