Iruñeko haur eskoletako euskarazko langileak kezkatuta agertu dira

Jakinarazi dute ez dakitela bizpahiru hilabete barru lanean non arituko diren, edo lanean arituko ote diren ere.

Euskarazko haur eskolen aldeko protesta bat, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU
2020ko maiatzaren 25a
21:23
Entzun

Iruñean euskarazko lerroetan lanean aritzen diren hezitzaile eta zuzendariek ohar bat kaleratu dute, azaltzeko beren etorkizuna airean dagoela eta ez dutela azalpenik jaso.

Udalak 11 haur eskola kudeatzen ditu. Bitan eskaini izan dute euskarazko heziketa, eta aldaketaren gobernuak beste bitan eman zuen aukera, baina Enrique Maia UPNko alkateak urtarril honetan aurreratu zuen kendu egingo duela euskarazko heziketa bi zentrotan.

Hezitzaileek gaur azaldu dute ez dakitela erabaki hori zertan eta nola gauzatuko den, ezta langileengan zer eragin izango duen ere: «Udal honek ez du errespetatzen bertako herritarren pluraltasuna», salatu dute.

Nabarmendu dute gurasoek ere ez dakitela, oraindik, abuztuan beren seme-alabek aukeratutako eskoletan eta haientzat erreferentzia izan diren irakasleekin jarraitzeko aukera izango duten, «proiektu multikultural aberasgarri batean, maite duten eta haien identitatearen parte den hizkuntza batean murgiltzeko eredu batekin».

Hain justu, haur eskoletan matrikula egiteko epea ireki dute gaur; ekainaren 5a arte haur eskoletarako lekua eskatu ahal izango dute gurasoek.

Hezitzaileek gogora ekarri dute iaz ekainean egitekoa zen eta bertan behera gelditu zen lan eskaintza; azterketa hartarako urteetan egindako prestaketa eta lan guztia alferrik izan zirela seinalatu dute: «Gure bizitzako ametsa puskatu zuten lan eskaintzaren deialdia bertan behera utzi zutenean».

Hala ere, eskoletan egindako lana goratu dute, eta haur eskoletan lan taldeek lortutako lan giroa eta gurasoak parte bihurtzeko eta integratzeko egindako lana nabarmendu dute. «Pixkanaka-pixkanaka, lortu dugu euskarazko haur eskolak leku goxo eta atsegin bat bihurtzea berori osatzen duten kultura guztientzat. Ekipo bat baino askoz gehiago gara; balioak eta printzipioak partekatzen dituen familia bat gara».

Ohartarazi dute Iruñeko Udalak egin nahi duen aldaketak proiektu hori guztia herrenduko duela: «Nola eutsiko diogu horri guztiari, hezitzaile taldea desegingo bada, lerro aldaketaren ondorioz?».

Ikasturtea bukatzeko ia ezer falta ez denean, hezitzaileek oraindik ez dakite euskarazko lerroan aritutako langileek zer etorkizun izango duten. «Ez dakigu zer etorkizun izango dugun lanean, eta zalantzaz betetako uda bat datorkigu guri eta gure familiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.