Literatura

Koldo Bigurik irabazi du (H)ilbeltza beka

Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao euskaratuko du

Koldo Biguri itzultzailea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Berria
2020ko maiatzaren 27a
14:14
Entzun

Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962) irabazi du 2020. urteari dagokion (H)ilbeltza beka Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao nobela euskarara itzultzeko proiektuarekin. Horrenbestez, 3.000 euro jasoko ditu orain, eta beste 3.000 lana bukatzean. Dena ondo bidean, Bigurik egindako itzulpena 2022ko urtarrilean aurkeztuko dute, Baztanen (Nafarroa) egiten den (H)ilbeltza nobela beltzari buruzko jardunaldietan.

Joseba Otondo Baztango alkateak, Josu Barambones (H)ilbeltza elkartearen ordezkariak eta Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute epaimahaia, eta, haien iritziz, «itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da. Orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute». Hamar lagin aurkeztu dira bekara.

Filologia ikasi zuen Koldo Bigurik, eta, gaur egun, irakaslea, euskaltzain urgazlea eta itzultzailea eta interpretea da. Senez aldizkariko zuzendari izan zen 1994-1999 bitartean, eta EIZIEko lehendakari 2000-2002 urteetan. 1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra. 2000. urtean, Napoliko Unibertsitatean egin zuen lan, euskal morfologiako irakasle gisa. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da Gasteizko Letren Fakultatean. Halaber, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoa berreskuratzeko lanetan ibili da, Lurdes Auzmendirekin batera, EIZIEk argitaratzen duen Itzulpen Antologia bilduman.

Literatura beltza sustatzea

(H)ilbeltza bekaren xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da.

Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka. Lehenbizikoa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondok irabazi zuen, eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta urte hasieran aurkeztu du Josu Barambonesek. Iaz, Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta urte bukaerarako bukatuko du eleberria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.