«Oinarrizko eta ezinbesteko» gaitasunetara egokitu eta murriztu nahi dute datorren ikasturteko curriculuma

EAEko Eskola Kontseiluak eskola publikoa digitalizatzeko «premiazko plan bat» ere eskatu du, baita ikasturtea amaitu aurretik ikasle bakoitzak bere egoera pertsonalari eta akademikoari buruzko diagnostiko «indibiduala, erreala eta zehatza» izatea ere.

Astelehenean ikasgeletara itzuli ziren ikasle batzuk, Donostiako Axular lizeoan. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 28a
13:34
Entzun

Ikasle batzuk dagoeneko hasi dira ikastetxera itzultzen, baina gehienek irailera arte behintzat itxaron beharko dute. EAEko Eskola Kontseiluak gomendatu du hurrengo ikasturtea udako oporren aurretik prestatzea, planifikatzea eta antolatzea, egon daitezkeen agertoki desberdinei erantzuteko, «inprobisazioak» saihesteko eta ikasleei «arreta egokia» emateko. Egon daitekeen «egoera konplexuari arrakastaz erantzuteko», Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatuta, hezkuntza komunitate osoaren lankidetza beharrezkotzat jotzen du, bai erabakiak hartzeko orduan, bai horietatik sortzen diren erantzukizunak hartzeko. Horretarako, ikastetxeen autonomian eta, gobernantza modu gisa, erabakiak elkarrekin hartzean sakontzea gomendatu du.

2019/2020 ikasturtea amaitzeko eta udara begira, hainbat proposamen egin dizkio administrazioari eta hezkuntza komunitateari. Ikasturtea amaitu aurretik, ikasle bakoitzak bere egoera pertsonalari eta akademikoari buruzko diagnostiko indibiduala, erreala eta zehatza izatea nahi du, eta, horren arabera, beharrezkoa bada, hurrengo ikasturtean esku hartzeko eta indartzeko neurri pedagogikoak eta antolakuntzakoak planteatzea, bereziki egoera «gogorrena» pairatu dutenei. Horrenbestez, curriculum egokitzapenak areagotu daitezkeela eta, aniztasunaren arretak baliabide berriak beharko dituela esan du EAEko Eskola Kontseiluak. Horiek antolaketakoak nahiz pertsonalak izan daitezkeela nabarmendu du, eta aurreikusi egin beharko direla. Gainera, ikastetxe bakoitzak datorren ikasturterako «plangintza espezifikoa» egitea proposatu du. «Plangintza horretan, argi eta garbi zehaztuko dira oinarrizko gaitasunen garapena eta ikasleentzako arreta pertsonalizatua optimizatzea ahalbidetuko dituzten antolaketa eta curriculum neurriak».

Udarako errefortzuren bat behar denetan, berriz, jarduera «egingarriak, erakargarriak eta familientzat zama ez direnak» planifikatzeko eskatu du. Euskara errefortzuak eta udako aisialdia beste aukera bat izatea nahi dute, eta beste erakunde eta gizarte eragile batzuekin elkarlanean egitea.

Datorren ikasturtera begira

Ikasturte hau bukatzeko nahiz udarako proposamenak ez ezik, datorren ikasturtearen hasierari buruzkoak ere jaso ditu. Ikasturtea hasteko egoera edozein izanda ere, aurretik planifikatutako lan plan bat abiaraztea proposatu du. «Plan horrek bereziki zainduko ditu ikasleen harrera pertsonala eta arreta emozionala, eta arreta espezifikoa emango die inklusioarekin eta aniztasunaren tratamenduarekin lotutako programa guztiei, beharrezkoak diren baliabideak sartuz», zehaztu du. Gainera, familiei informazioa emateko eta erabakietan parte hartzeko aukera ematea eskatu dute, ikasleei «arreta egokia» emateko beharrezkoak diren antolaketa aldaketei, espazioei, denborei, metodologiei eta abarri buruz.

Teknologia digitalei ere egin diete erreferentzia. Ikasle guztiek —bereziki behar handiena dutenek— sarbide digitala izango dutela ziurtatu behar dela diote. Horrez gain, hezkuntza baliabide digitalak dituen plataforma bat sortzea nahi dute, sistemako eragile guztiekin partekatu ahal izango dena, bai eta online zerbitzu jarraitua ere, teknologiaren erabileraren zalantzak argitzeko. «Horretarako, eskola publikoa digitalizatzeko premiazko plan bat eskatzen da».

Errefortzuari begira, areagotu egin nahi dituzte hezkuntza indartzeko banakako planak aniztasunari eta hizkuntza indartzeari arreta emateko programak eta Hamaika Esku bezalako beste programa batzuk. Euskarari dagokionez, funtsezkotzat jotzen dute epe laburrerako, ertainerako eta luzerako errefortzu neurriak diseinatzea, «ikasleek komunikazio gaitasuna euskaraz garatzen jarrai dezaten».

Curriculuma «oinarrizko eta ezinbesteko» gaitasunetara egokitzea eta murriztea ere proposatu du. Ildo horretatik, gaitasun pertsonala, komunikatiboa eta digitala lehenestea proposatu dute, gainerako ikaskuntzetarako «funtsezko gaitasunak» direlakoan, bai eta beste gaitasun batzuk ere, hala nola ikasten ikastea, sormena eta pentsamendu kritikoa. «Horrela, hezkuntza integrala, konfiantzazkoa eta gizarte ingurunean errotua ahalbidetuko da».

Oinarrizko Lanbide Heziketari buruzkoak ere landu ditu EAEko Eskola Kontseiluak. «Salbuespenezko neurriak» ezarri nahi ditu, ikasle bakar bat ere kanpoan gera ez dadin egoera horrekin zerikusia duen edozein arrazoirengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.