Eusko Jaurlaritzak tabakismoaren arriskuez ohartarazi du

COVID-19 kasuetan ere «sintoma larriak» izateko aldagaietako bat dela esan du.

arantxa iraola
2020ko maiatzaren 28a
14:55
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak agerraldi bat egin du gaur eguerdian, eta tabakismoaren arriskuez ohartarazi du. Oro har, osasunarentzat ondorio txarrak dakartzala oroitarazi du, eta COVID-19 kasuetan ere erretzaileek arrisku handiagoa izaten dutela «sintoma larriak» izateko, eta, ondorioz, pronostiko korapilatsuagoak. Gaitzaren eboluzio gaitzagoa izateko arriskua ez ezik, erretzaileek kutsatzeko arrisku handiagoa ere izaten dutela azaldu du Murgak: «Ahoa gehiago ukitzen baitute».

Horiek horrela, Osakidetzak erretzeari uzten laguntzeko martxan dituen egitasmoak indartu egingo dituztela esan du Murgak. Programa batek arta profesionala eta sakelakorako aplikazio bat erabiliko ditu pazienteei laguntzeko, eta uztailerako martxan nahi dute. Irailean, berriz, egun aurrez aurreko taldeko topaketen bidez egiten duten egitasmo bat «online» erabiltzen hasteko prest edukitzea espero dute. Baliabide horien osagarri gisara hainbat botika ere erabil daitezkeela gogoratu du Murgak, eta substantzia horiek finantzaketa publikoaren bidez bermatuta daudela urte honen hasieratik.

Baliabide berri horiekin, osasun zentroetara joateko zailtasunak izaten dituzten pazienteengana heldu nahi dute, bereziki, osasun agintariek: «Gazteengana».

Maiatzaren 31 Tabakorik Gabeko Eguna izaten da mundu osoan, eta horren harira hartu du gaia hizpide Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.