Getxoko auto zinema bete egin da konfinamendu ondorengo lehen emanaldian

Iruñean eta Bizkaiko herri horretan abiatu dute filmak autoaren segurtasunetik ikusteko aukera.

Getxoko autozinema zabaldu zuten atzo berriz. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 28a
16:10
Entzun

Berrogei auto, lerro-lerro, belardian, eta itsasoko istorio bat pantaila handian. Steven Spielbergek 1975. urtean estreinaturiko Jaws filmarekin (Tiburón, Les Dents de la mer), berriz ekin die emanaldiei Getxoko (Bizkaia) auto zinemak, COVID-19 gaitzak eragindako konfinamendua hasi zenetik eginiko lehen saioan. Filmak filmetan bezala ikusteko modu bat da.

Getxoko auto zinemak, berez, 130 autorentzako lekua dauka, eta konfinamendutik ateratzeko bigarren faseak baimena ematen zien herenak betetzeko. Edonola ere, antolatzaileek nahiago izan dute bakarrik 40 autorentzako lekua utzi, poliki hasteko.

Sarrerak Internet bidez erostea aholkatu zieten ikusleei, ahalik eta aurrez aurreko harreman gutxien egon zedin, eta hala egin dute gehienek. Horren bidez, autotik atera beharrik gabe sartu dira belardi zinemara, eta antolatzaileek euren txokora gidatu dituzte. Enpresaren arduradunek nabarmendu dutenez, auto zinema ohiko zinema aretoak baino seguruagoa da, ikusleak autoan sartuta geratzen direlako, eta, esan dutenez, inork ez duelako eseri behar aurretik beste norbaitek erabilitako eserleku batean. Horregatik, asko «harritu» zituen konfinamenduan zinema aretoei adinako mugak jarri izanak auto zinemei. «Garai honetan, negozio seguruenetako bat da, ez baitago inolako kontakturik jendearen artean», esan zuen Javier Castañosek. Getxo auto zinemaren jabeetako bat da.

Pantaila handi bakarrean ikusi dute denek filma, baina soinua norberaren ibilgailuen bozgorailuen bidez entzun dute: irratiaren bidez transmititu diete soinu banda, FMko frekuentzia batean sintonizatuta. Horrez gain, auto zinemako langileek krispetak eraman dizkiete, «maskara eta eskularruak jantzita», antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Asteburuan, La La Land filma emango dute (Damien Chazelle, 2016). Antolatzaileen arabera, herritarrak zinemetara itzultzeko «irrikan» daude, eta, ohiko aretoak itxita daudenez, eurek astean hainbat film emateko asmoa dute. Besteak beste, Bohemian Rhapsody, Mamma Mia, Jokereta Parasites emango dituzte. Horrez gain, bestelako kultur ekitaldiak egitekoak dira; tartean, Belako taldearen kontzertua, ekainaren 27an.

Iruñean, Nafarroa Arenan

Getxon, belardi batean dago zinema; Iruñean, berriz, teilatupean. Izan ere, Golem enpresa Nafarroa Arena kirol aretoa erabiltzen ari da auto zinema antolatzeko. Astelehenean ekin zioten. Lehenengo saioa osasungintzako langileentzat antolatu zuten, eta doan eskaini zieten.

Ekainaren amaiera arte eman asmo dituzte filmak. Eguneko bi emanaldi antolatu dituzte, eta hamabostean behin filmak berrituko dituzte. Getxokoa baino apur bat handiagoa da Iruñekoa: 60 auto. Asko jota bi ikusle egon daitezke auto bakoitzean.


Nafarroa Arenako erabilera askotarako aretoan antolatu dute autozinema. Golem / Nafarroa Arena

Sartu aurretik, tenperatura hartzen diete zinemazaleei, eta ohartarazi dute arnasketarekin loturiko sintomak dituztenak ezingo direla sartu, ezta berrogeialdian daudenak ere.


Ikusle bati tenperatura hartzen, Nafarroa Arenako auto zineman sartu aurretik. Golem / Nafarroa Arena

Emanaldia hasi baino ordubete lehenago egon behar dute zinemazaleek aretoan, Eladio Zilbeti kaletik sartuta. Auto motaren arabera antolatzen dituzte barruan, handienak atzean jarrita, logikoa denez. FMko 102,1 frekuentzian ematen dute audioa.

Denetariko filmak emateari garrantzia eman diote programatzaileek: konfinamendua hasi zenetik estreinatu berri zeuden filmak programatu dituzte, baina osteguneko 20:30eko saioa zinemaren klasikoetarako utziko dute.

Iruñean 10 euro kobratzen dute auto bakoitzeko, 5 euro ikusleko, beraz, eta sarrerak Internet bidez saltzen dituzte, baina aretoan bertan ere badago erostea.


Bi ikusle, Nafarroa Arenako auto zineman, krispetak jaten. Golem / Nafarroa Arena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.