Ipar Euskal Herria bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina

Ostatuak zabalduko dituzte, baina neurri zorrotzak errespetatzeko baldintzarekin. Hirugarren fasea ekainaren 22an hastea espero dute.

Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko mugako saltokiak. Muga ekainaren 15ean zabaltzea «litekeena» dela esan du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. JON URBE / FOKU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko maiatzaren 28a
18:57
Entzun

Lehen fasean «itxaropenak gainditu dira» Edouard Philippe Frantziako lehen ministroaren arabera. Esplikatu du espero zutena baino kutsatu kopuru txikiagoa izan dela. Hala, Ipar Euskal Herria deskonfinamenduko bigarren fasean sartuko da ekainaren 2tik aitzina.

Atzo iragarri zituen Philippek bigarren faseko irizpideak. Ostatuak eta jatetxeak irekitzen ahalko dituzte ekainaren 2tik aitzina. Hala ere, langileek maskara erabili beharko dute, eta bezeroek ere ostatu barnean mugituko direlarik. Jatetxeetan, 10 pertsona baino gehiagoko mahairik ez dute onartuko, eta mahaien artean metro bateko distantzia errespetatu beharko dute. Aldiz, ostatu barnean zutik kontsumitzea debekatu dute.

Hezkuntza arloan, lehen mailako ikastetxe guztiak irekiko dituzte. Kolegioetan, laugarren eta hirugarren mailak sartzen ahalko dira datorren astetik aitzina. Lizeoak ere irekiko dituzte eta ikastetxe bakoitza «tokian tokiko egoerari» egokitu beharko zaio. Leheneko frantsesezko ahozko azterketa bertan behera uztea erabaki du Jean Michel Blanquer Frantziako hezkuntza ministroak.

Hotelak eta aterpetxe turistikoak ere irekiko dituzte data horretatik aitzina. Bestalde, kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere irekiko dituzte. Zinemak aldiz, ekainaren 22ra arte ez dituzte zabalduko. Egun horretatik aurrera, kanpoan egiten diren ekitaldi handiak baimentzeko asmoa daukate, baina ezingo dira 5.000 lagun baino gehiago bildu. Diskotekak, kirol kolektiboak, hipodromoak eta kirol zelaiak hetsirik atxikiko dituzte, oraingoz. Oro har, irekiko dituzten gune guztietan segurtasun neurri zorrotzak errespetatzea eskatu du Philippek.

Muga 15ean irekitzea, «litekeena»

Orain arte, Ipar Euskal Herritarrek ezin zuten 100 kilometro baino gehiagoko joan-etorririk egin, «baleko arrazoirik» gabe. Ekainaren 2tik aitzina, «libreki» ibiltzen ahalko dira Frantziaren menpe dauden lurraldeetan. Philippen arabera, litekeena da Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga ekainaren 15ean irekitzea.

Hondartzak ere, ekainaren 2tik aitzina irekiko dituzte Ipar Euskal Herrian. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak bilkura egin zuen atzo goizean Lapurdi kostaldeko auzapezekin hondartzen irekiera aipatzeko. Orain arteko balorazioa baikorra izan dela adierazi du, nahiz eta kudeaketan «lan handia» eskatu duen. «Asteburu honetan horrela segituko dugu, eta Frantziako Gobernuak adierazten duenaren arabera ikusiko dugu heldu den asterako nola egokitu».

Neurri guzti horiek arrisku epidemikoaren mapan berdez dauden departamenduetan aplikatuko dituzte. Gorriz direnetan berriz, ez. Izan ere, Frantziaren menpe diren hiru lurraldek segitzen dute zona gorrian: Ile-de-France, Mayotte eta Guyane. Hiru lurralde horietan, lehen fasea luzatuko dute gutxienez ekainaren 22ra arte. Hirugarren fasea «egoera sanitarioaren arabera», ekainaren 22an hasten ahalko litzateke.

Bestalde, StopCovid aplikazioa baimentzea erabaki du Philippek. Eztabaida sortu zuen Frantziako Parlamentuan. Philippek segurtatu du erabilera hautuzkoa izanen dela eta datu pertsonalak eta geolokalizazioa ez dituela gordeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.