Noiz sortua: 2020-05-30 13:39:51

EUSKAL PRESOAK

AEMk salatu du EPPK-k «eraso» egin diola

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak esan du Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren azken agiriak «herri mugimenduaren aurka jo» duela. AEMk «ahultasun politiko gisa» hartu du euren izena zuzenean aipatu ez izana. AEMren agiria

Patxi Ruizen aldeko manifestazioa, gaur, Bilbon.
Patxi Ruizen aldeko manifestazioa, gaur, Bilbon. Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko maiatzak 30

Patxi Ruiz euskal presoaren aferan «sektore jakin batek» egoera baliatu izana gaitzetsi du EPPK-k bere azken agirian, eta AEMk gaur idatzi batean salatu du ezen EPPK-k, «sistemaren parte diren alderdi instituzionalei txalo egitearekin batera, herri mugimenduaren aurka jo» duela adierazpen horrekin, «kontrolpean ez daukaten horri kalte egiteko saiakera batean». «Elektoralistatzat» jo du AEMk «Sorturen bulegoren batean idatzitako» EPPKren agiria, eta AEMk gaurko deituak dituen mobilizazioak «ahultzea» du helburu agiriak, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren hitzetan.

«Zehaztasun falta» salatu du AEMk. «Patxiren egoera dramatikoa Sortu, EH Bildu, Etxerat, EPPK eta Sare kritikatzeko erabili dugula diote. Esan beharra dugu kolektibo horiek ez direla munduaren zilborra eta Patxirengan jarri dugula gure indar osoa». Nabarmendu duenez, ez ditu «inongo agiritan» aipatu ez EPPK, ez Sare, ez Etxerat; EH  Bildu eta Sortu baino ez dituztela aipatu azaldu du, eta haien aurkako «akusazioei erantzuteko» izan dela. AEMk ohartarazi du ez dietela «horrelakorik ametituko» hamar egun pasatu arte Ruizi buruz «ezer esan ez zutenei, bere aldeko ekintzak kritikatzeko izan denean salbu».

AEMk jakinarazi du bere helburua «Patxiren bizitza edozeren aurretik jartzea» izan dela «lehenengo momentutik», eta horretarako daudela etengabe harremanetan senide, abokatu eta medikuekin: «Une gogor hauetan hartu ditugun erabaki guztiak, bultzatu dugun dinamika politikoa barne, hiru talde hauen iritzia kontuan izanda eta aholkuei jarraituta hartu ditugu». «Errespetua eta ardura» eskatu diete «Sorturi eta haren orbitan mugitzen diren» taldeei: «Gurekiko, aipatutako taldeekiko eta batez ere Patxirekiko, gose grebarekin aurrera jarraitzeko erabakia berea baita».

Murtzia II-ko presoak

Murtzia II-ko euskal presoen egoerari dagokionez —han dago Ruiz—, azaldu dute ez dutela EPPK-ko kideen «jarrera pertsonalaren inguruko baloraziorik» egin. «Balorazio politikoak» egin dituztela zehaztu du AEMk, «graduen progresioaren jokoan sartzea» salatuta.

Gaineratu du «benetan ausarta» iruditzen zaiola esatea Ruiz ospitalera eramateko arrazoia «EPPK-ko kideek kartzelako zuzendaritzari egindako eskaerari esker izan zela»: «Patxi ospitaleratu zuten gose eta egarri grebaren 11. egunean, giltzurrun batek huts egin ondoren eta epaile baten aginduaren ondorioz».

Sorturen «eskaintza»

AEMk jakinarazi du maiatzaren 14ko gauean Sortu berarekin jarri zela harremanetan, Sortuk Madrilen dituen kontaktu batzuekin «mahai azpiko» harremanak «aprobetxatzea eskaintzeko». AEMk uko egin zion proposamenari, azaldu duenez, hiru arrazoirengatik: Ruizen borondatea «errespetatzeagatik», Sortuk «argi berdea» emateko eskatzen zielako, eta eskaintza egin zietenak «Patxiren bizitzak baino, haren heriotzak egoera politikoan eragin ditzakeen ondorioak kezkatzen dituelako».

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak gaitzetsi du «diskrezioa» eskatu zieten arren EH Bilduk eta Sortuk eurek zabaldu zutela bitartekoak eskaini izana, eta deitoratu Sortuk «Patxi heriotzara bultzatzea leporatu» ziola AEMri. «Haien intentzio bakarra «hildakoa gainetik kentzea» izan dela erakutsi zuten kontaktu hau publiko egitean eta gure aurkako akusazio larriak jaurtiz». Ohartarazi dute badakitela diskrezioa mantentzen eta laguntza eskertzen, «zintzoa denean», baina ez dutela «inoren interes alderdikoien araberako manipulaziorik» onartuko.

Ruizen aldeko mobilizazio ugari izan da gaur Euskal Herrian; besteak beste, elkarretaratzea Baionan, eta manifestazioak Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabili beharra dagoela. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna