Herriko bozak

Baiona Berde eta Elkarkidea ez da Henri Etxetorekin batuko

Gaur goizean bozkatu dute Baionako hauteskunde zerrenda herritarreko kideek. Mathieu Bergeren Bihar Baiona taldearekin elkartzeko prest agertu dira haatik; bihar erabakiko du Bergeren taldeak

Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendako kideak. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko maiatzaren 30a
17:23
Entzun

Bigarren itzulian aurkezteko moldeari buruz bozkatu dute goiz honetan Baiona Berdea eta Elkarkidea hauteskunde zerrendako kideek. Hiru aukera zituzten mahai gainean: ezkerreko hiru zerrenden artean elkartzea, Mathieu Bergeren Bihar Baiona taldearekin batzea, ala bakarrik aurkeztea. Elkarteak dituen 138 kideetatik 116k parte hartu dute erabakian. Hauek izan dira emaitzak: 54 pertsona agertu dira ezkerreko hiru zerrendak batzearen alde, 56 kontra, eta seik zuri bozkatu dute; 91 pertsonak bozkatu du Bihar Baiona taldearekin elkartzearen alde, hogeita batek kontra, eta lauk zuri; 48 pertsona agertu dira bakarrik aurkeztearen alde, 49 kontra, eta hemeretzik zuri bozkatu dute.

 

Bihar Baiona taldeak bihar arratsaldean eginen du bilkura Baiona Berdea eta Elkarkidearen proposamenari erantzuteko. Ezezkoa erantzungo balute, bigarren itzulirako zerrenda erretiratuko luke Baiona Berdea eta Elkarkideak. Ekainaren 28an izanen da herriko bozen bigarren itzulia Ipar Euskal Herrian; berantenez asteartean aurkeztu behar dira bigarren itzuliko zerrendak.

Bost zerrenda aurkeztu ziren bozen lehen itzulian Baionan: eskuineko alderdien babesarekin, Jean Rene Etxegarai orain arteko auzapezak bozen %40,3 eskuratu zituen; PS, PCF eta Frantzia Intsumisoaren barneko Ezkerreko Alderdiaren babesarekin, Henri Etxetok %29,8 eskuratu zituen; EH Bai, EELV, eta Frantzia Intsumisoaren barneko Elkarrekin alderdiaren babesarekin, Jean Claude Iriart buru duen BBE zerrenda herritarrak, %13,1; Mathieu Berge sozialista ohiaren zerrenda herritarrak, %11,2. Azkenik, Pascal Lesselieren eskuin muturreko zerrendak, %5,57. Baina parte hartzearena izan zen emaitzarik azpimarragarriena: COVID-19 gaitzaren hedapenari buru egiteko hartutako lehen segurtasun neurrien biharamunean, hautesleen %61ek ez bozkatzea erabaki zuten.

Eztabaida bizia

Eztabaida bizia sortu da azken asteetan Baionako herriko bozen bigarren itzuliaren harira. Lehen itzuliaren ondotik ezkerreko hiru zerrendek elkarrizketak abiatu zituzten balizko elkartze bati begira, baina Henri Etxetori babesa erakustea pentsaezina zen, abertzale askoren iritziz. Batzuek «Baionako [Manuel] Valls» izendatzen dutena frantziar nazionalismo jakobinoaren figura da, anitzen ustez, eta, diotenez, hura Baionako auzapez izendatzeak Lapurdiko hiriburuan ez ezik Ipar Euskal Herri osoan ere eragina izanen luke; halaber, Jean Rene Etxegaraik azken urteetan hainbat aldarrikapen abertzaleri eman dien babesa ere aipatu dute batzuek. Alderantziz, urteetan eskuin kontserbadorearen esku izan den herriko etxean ezkerreko alternatiba eraikitzea lehenesten zuten beste batzuek. BBE Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak atzo arratsean egin zuen biltzar nagusia, eta gaur bozkatu dute erabakia hartzeko. EH Baik abisua emana zuen: BBEk Etxetorekin aliantza egitea erabaki balu, ez zuten babestuko.

Martxoaren 15eko gauean, lehen itzuliko emaitzak jakin bezain laster, biltzar nagusia egin zuen BBE zerrendak, eta ezkerreko gainerako indarrekin elkarrizketak abiatzea onartu zuen gehiengo batek. Mandatu horretan, akordio bat lortzeko baldintzak zehazten ziren, izan programari lotuak, izan gobernantzari lotuak. Azken asteetan bilkura bat baino gehiago egin dituzte hiruren artean, baina baita Bergeren Bihar Baiona eta BBE taldeen artean ere.

Baionan gertatzen denak Ipar Euskal Herrian izan lezakeen eraginaren jakitun, EH Baik ere posizioa hartzea erabaki du azken asteetan. Baionako kideekin elkartu da zuzendaritza, eta Ipar Euskal Herriko hainbat militanteren iritzia ere jaso dute. «Etxegarairekin ez dugu zereginik elektoralki. Hainbat arlotan bidelagun badugu ere, ez diogu eskuindar bati babesa emanen hauteskundeetan. Ez da bozkarik edo aliantzarik planteatzen», esplikatu du Nikolas Blainek. Baina Etxetoren «jarrera politikoak» kontuan hartuta, erabat baztertzen dute harekin batzea. «Jakobinoen kontrako borroka ez da bukatua», azaldu du. «Uste dugu ezkerreko polo zabal bat egituratzen segitu behar dugula. Pentsatzen dugu estrategia ona dela: ezkerreko alternatiba bat behar da Baionan, lurraldearen berezitasunei erantzuten diena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.