Autoa erosteko laguntzak bikoiztu ditu Jaurlaritzak

Aurreko aldietan ez bezala, zero kilometroko autoa erosten dutenek ere jasoko dute dirua.

Auto saltokiak, Bilboko Enekuri auzoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 1a
12:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bultzada bat eman nahi dio autogintzari, euskal industriaren motor nagusia baita. Bost milioi euroren plana zuen prest auto berria erosi nahi zutenei laguntzeko, baina, azkenean, hamar milioi jarriko ditu.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin bildu dira gaur goizean auto saltzaileen ordezkariak, eta esker ona adierazi diote. Laguntza, neurri handi batean, sinbolikoa izango da: ehunka operazio erraztuko ditu Jaurlaritzaren diruak, baina milaka zenbatzen dira auto berrien salmentak. Iaz, esaterako, Hego Euskal Herri osoan 51.000 auto matrikulatu zituzten.

Jaurlaritzak kopuru handiagoak emango dizkie auto berria erosten dutenei. Horrela, gasolinazko eta gasoliozko auto bat erosten dutenek bi mila euro jaso ahal izango dituzte orain (1.000 euro iazko deialdian). 

Gainera, auto berri-berriak erosten dituztenek ez ezik, zero kilometro deitutakoak erosten dituztenek ere jaso ahal izango dute laguntza. Aldaketa hori bereziki eskertu du Javier Bagues auto saltokien ordezkariak, gogorarazi baitu kontzesionarioek «arrazoi askorengatik» auto berriak automatrikulatu behar dituztela. Zenbagailuan ehun kilometrotik behera duten autoentzat soilik izango da laguntza.

Energiaren Euskal Erakundeak tramitatuko ditu laguntzak, eskaerak jaso ahala. Hau da, lehenik eskatzen dutenek aukera gehiago izango dutela Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko, hamar milioi euroak amaitu arte banatuko baitu.

Aurreko deialdian bezala, gutxien kutsatzen duten autoek jasoko dute laguntza gehien. Auto elektriko hutsen erosleek 3.000 euro jaso ahal izango dituzte. eta 2.500 euro hibrido entxufagarria erosten dutenek.

Honakoak dira banatuko dituzten laguntzak:

-Ibilgailu arin elektriko purua: 3.000 euro.

-Ibilgailu arin hibrido entxufagarria edo autonomia zabalduko ibilgailu elektrikoa: 2.500 euro.

-Ibilgailu arin hibrido ez-entxufagarria: 2.250 euro.

-Gas natural bidezko ibilgailu arina: 2.000 euro.

-Hidrogenozko ibilgailu arina: 3.000 euro.

-Gas natural (PGL) bidezko ibilgailu arina: 2.000 euro.

-A energia klaseko gasolinazko edo gasoliozko M1 kategoriako turismoa: 2.000 euro.

-GMB*>2.500 kg-ko eta BEG > 114 gr CO2/km-ko gasolinazko edo gasoliozko furgoneta, N1 ibilgailuak: 2.000 euro.

-GMB*=<2.500 kg-ko eta BEG > 184 gr CO2/km-ko gasolinazko edo gasoliozko furgoneta, N1 ibilgailuak: 2.000 euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.