Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Jaurlaritzak espero du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla astelehenetik aurrera. Salvador Illak aurreratu du hirugarren fasean ezingo dela erkidego batetik bertzera mugitu. 

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua. @JERKOREKA
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 2a
13:23
Entzun

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izango denez, Eusko Jaurlaritzak Gallartan (Bizkaia) egin du Gobernu Kontseiluaren ohiko bilera, eta bileran eztabaidatu eta onartutakoaren berri eman dute horren osteko agerraldian. Koronabirusaren pandemiaren inguruan, Osasun sailburu Nekane Murgak eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak berretsi dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak eskatu dutela datorren astelehenetik aurrera hirugarren fasera pasatzeko.

Hirugarren fase horren zenbait ezaugarri azaldu dituzte agerraldian. Tapia sailburuak esan du hirugarren fasera igaroz gero libre izango dela hiru herrialde horietan batetik bestera ibiltzea, eta iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak eskaria egin diela Espainiako eta Frantziako gobernuei, libre mugitzeko aukera hori euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetako lurralde guztietara hedatzeko, hots, Euskal Autonomia Erkidegora, Nafarroako Foru Erkidegora eta Akitania Berrira. Eskaera onartuko balitz, euskal herritarrek aukera lukete Euskal Herri osoan trabarik gabe ibiltzeko.

Tapiak «arrazoi sozioekonomikoak» eman ditu horretarako, bai eta «familiarrak» ere, eta gogorarazi du herritar ugarik familiako loturak dituztela administrazio mugen gainetik.

Arratsaldean etorri da Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren erantzuna. Illak aurreratu duenez, hirugarren fasean ezingo da autonomia erkidego batetik bertzera mugitu. Hala, Illak erran duenez, autonomia erkidego bereko probintzien arteko mugikortasuna onartuko dute, baina ez autonomia erkidego batetik bertze baterakoa. Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean bidaiatzen ahalko da, baina, ezingo da Nafarroara edo Iparraldera joan.

Hirugarren fasearen ezaugarriak

Hirugarren fasean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garraioak %100ean arituko dira, bidaiari kopuruan zein maiztasunean. Denda eta saltoki handietan gehieneko edukiera %60 izango da. Taberna eta jatetxeetan, berriz, ez da gehieneko bezero kopururik ezarriko, baina bi metroko aldeari eutsi egin beharko diote mahaien artean. Barran kontsumitzea posible izango da, bezeroen arteko tarte hori utzita.

Zinema, kultur ekitaldi eta ikuskizunetan, ikusle kopurua gehienez %50 izango da, eserita, eta sarrera aldez aurretik hartuko da. Areto itxietan antolatutako ekitaldietara gehienez 80 lagun sartuko dira, eta aire zabalean egindakoetara, berriz, 1.000. Pilotan eta arraunketan, goi mailako kirolariek baimenduta edukiko dute entrenatzea.

Tapiak esan duenez, udalekuetako baldintzak ere zehaztu ditu Jaurlaritzak, hirugarren fasera igaroz gero aplikatzekoak. Horiek ere %50ean arituko dira: leku itxietan gehienez 80 lagun, eta irekietan 200, haurrak zein begiraleak aintzat hartuta.

Nekane Murga sailburuak esan duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo bi lagun hil ziren COVID-19aren ondorioz, eta beste lau kutsatu detektatu ziren, laurak Araban.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.