Herriko bozak

Gaur bukatuko da epea bigarren itzulirako zerrendak aurkezteko

Ekainaren 28an izanen da herriko bozen bigarren itzulia Ipar Euskal Herrian. Hemezortzi herritan izanen dute lehia.

Miarritzen, Guillaume Barucqen zerrendarekin batu da Euskal Herrian Berde eta Solidario zerrenda. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko ekainaren 2a
14:09
Entzun

Gaur da azken eguna herriko bozetako bigarren itzulirako zerrendak aurkezteko. Ipar Euskal Herriko hemezortzi herritan izanen da lehia, eta, azken asteetan, hautagaitzen arteko elkarrizketak izan dituzte herri anitzetan bigarren itzulirako aliantzak erabakitzeko. Lehen bozaldian emandako botoen %10 lortu dituzten zerrenda guziek dute bigarrenean aurkezteko aukera; lehen %5 baino gehiago lortu dituztenak beste zerrenda batekin fusiona daitezke, eta zerrenda berria osatu.

Bigarren itzulian gehiengoa lortzen duen zerrendak herri kontseiluko eserlekuen erdiak lortuko ditu. Zerrenda bakoitzak lortu duen emaitzaren arabera banatuko dira gainerako eserlekuak, proportzionalki. Orain arte ateratako informazioen arabera eta, sorpresarik ezean, honako lehia hauek izanen dira Ipar Euskal Herrian.

Azkaine

Itxura guzien arabera, lehen itzuliko lehia errepikatuko da Azkainen bigarrenean ere. Jean Louis Laducheren erabakia baizik ez da falta ezagutzeko. Hauek izan ziren emaitzak martxoaren 15ean: Jean Louis Fournierrek bozen %29,1 lortu zituen; Benedict Luberriagak, %19,3; Gorka Tabernak, %18,1; Pierre Clausellek, %17,6; eta Jean Louis Laduchek, %15,1.

Baiona

Baionan, Henri Etxetoren zerrenda sozialista eta Mathieu Bergerena elkartu dira azkenean, eta gaur egungo auzapez Jean Rene Etxegarai izanen dute parean bigarren itzulian. Beraz, Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrenda abertzale ekologista ez da izanen bigarrenean. Izan ere, Etxetorekin aurkezteari uko egin zion zerrendak larunbatean, eta Bergerekin elkartzea hobetsi zuen. Azkenean, Berge eta Etxeto aurkeztuko dira elkarrekin, eta kanpoan gelditu da zerrenda abertzalea, lehendik ere errana baitzuen ez zela bakarrik aurkeztuko.

Bokale

Bi zerrenda izanen dira Bokaleko bigarren itzulirako: Dominique Lavigneren (bozen %32,2 lortu zituen lehen bozaldian) ,eta Marie-Ange Thebauderen (%26,7) zerrendek bat egitea erabaki dute. Parean, gaur egungo auzapeza izanen dute, Francis Gonzalez (%41,1).

Maule

Mauleko Herriko Etxeko bigarren itzulirako, hiru zerrenda aurkeztuko dira: lehen itzuliko berak. Izan ere, Beñat Elkegarai abertzalearen zerrendak elkartzea proposatuazion Louis Labadot komunistaren zerrendari, baina Labadotek uko egin dio elkartzeari. Mixel Etxebest egungo auzapezarena da hirugarren zerrenda.

Miarritze

Miarritzen, gutxienez hiru zerrenda aurkeztuko dira bigarren itzulira, orain arteko auzapez Michel Veunac-ek hautagaitza bertan behera uztea erabaki ondotik. Lehen itzulian bosgarren lekua eskuratu zuen, bozen %12,2 bilduta. Errepublikanoetako Maider Arostegik lehen itzuliko zerrenda errepikatuko du, bozen %38,8 eman zizkiona. Parean, Guillaume Barucq (%16,2) izanen du, ezkerreko abertzaleek, berdeek eta intsumituek osatzen duten Euskal Herrian Berde eta Solidario zerrendarekin aliatuta. Natalie Motschek (%14,2) ez du akordiorik lortu Barucqen zerrendarekin, eta, beraz, bere aldetik aurkeztuko da. Benoit Saint Cricq eskuineko hautagaia ezezaguna da; ez du argitu bigarren itzulirako zer jarrera hartuko duen.

Hendaia

Hendaian, akordioa egitea adostu dute sozialistek, abertzaleek eta komunistek. Hendaia Biltzen zerrenda abertzaleak bilera egin zuen larunbat gauean, eta ontzat jo zuen Kotte Ezenarro egungo auzapezaren zerrenda sozialistarekin batzeko akordioa  Laurent Tariolen zerrenda ere batuko zaie, printzipioz. Pascal Destruhaulten zerrenda izanen dute parez pare.

Kotte Ezenarrok irabazi zuen udal bozen lehen itzulia, martxoaren 15ean. 2014tik auzapeza da, eta bozen %41,1 lortu zituen. Pascal Destruhaut izan zen bigarren, bozen %32,7rekin. Laetitia Navarron abertzaleak bozen %18,4 lortu zituen, eta Laurent Tariol komunistak, berriz, %7,8.

Itsasu

Itsasun, azkenean hiru zerrenda izanen dira buruz buru: Jean-Paul Iturburuarena (bozen %38 lehen itzulian), Mikel Hiribarrenena (%34,3) eta Louis Ustarrozena (%27,7). Hasieran, zabaldu zen Hiribarren abertzalearen zerrendara batuko zirela Uztarrozen zerrendakoak, baina, azkenean, bereizirik aurkeztuko dira, bi horiek eta Iturburua, zeina gaur egungo auzapezaren ildokoa baita.

Senpere

Senperen, François Bederede buru duen zerrenda abertzalea Dominique Idiarten zerrendarekin aurkeztuko da, eta elkarrekin ariko dira gaur egungo auzapez Pierre-Marie Nousbaumen aurka. Idiartek bozen %41,27 lortu zituen, eta abertzaleek, berriz, %16,7.

Urruña

Lehen bozaldiko hiru zerrenda berak aurkeztuko dira bigarrenean ere Urruñan. Filipe Aramendi ezkerreko abertzaleak bozen %40,8 lortu zituen; Francis Gavilanek, %29,8 —hark hartu du Odile de Corale auzapezaren segida—, eta Sebastien Etxebarnek, %29,4. Aramendiren zerrendak aliantza proposamena egin zion Etxebarnen zerrendari, baina hark uko egin dio bi zerrendak batzeari.

Uztaritze

Bruno Karrere auzapeza bigarren agintaldirako bidean da. Hiru zerrenda aurkeztuko dira Uztaritzen, Dominique Lesbatsek bere hautagaitza erretiratzea erabaki ondotik. 2008-2014 bitartean auzapez izandakoak bozen %12,65 eskuratu zituen lehen itzulian. Bigarren bozaldirako, Bruno Cendres hautagaiari (%19,7) emanen dio babesa. Lehen itzulian %45,23ko emaitza lortuta, Bruno Karrerek ez luke arazo handirik izan behar auzapez kargua atxikitzeko. Jean Claude Saint Jean izanen da hirugarren hautagaia; bozen %22,43 lortu zituen lehen itzulian.

Ziburu

Eneko Aldana ezkerreko abertzaleak haizea alde du herriko bigarren itzulirako; bozen %44,6 lortu zituen lehenbizikoan. Parean, Guy Poulou orain arteko auzapezaren bi auzapezorde izanen ditu: Isabelle Dubarbier (%17,2) eta Henri Hirigoienberri (%13,6); ez dute bigarren itzulirako akordiorik lortu. Joseph Aranburuk (%12,3) lehiatik erretiratzea erabaki du; Dominique Dugetek ez du oraindik erabaki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.