Urkulluk «elkartasuna» eskatu die langile publikoei, soldata «bermatua» dutelako

Jaurlaritzako lehendakariak oharra egin dio Pedro Sanchezi: «Konpromiso bat du inbestidura bideratu zioten alderdiekin, eta horri muzin egiten badio berak jakingo du zer arrisku hartzen duen».

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, apirilean. IREKIA
jon olano
2020ko ekainaren 3a
13:57
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta, bertan, iradoki du langile publikoen baldintzetan murrizketak egon daitezkeela: «Gerrikoa estutu beharra? Langile publikoak ziurtatuta dauzka bere lanpostua eta soldata». Preseski, azaldu du murrizketak egiteko aukera ez dagoela mahai gainean, baina «elkartasuna» eskatu die langile publikoei: «Kontziente izan beharko ginateke zer arrakala dagoen funtzio publikoaren eta arlo pribatuaren artean, eta funtzio publikoan gaudenok jakin behar ditugu arlo pribatuan egiten diren sakrifizioak, esfortzuak. Elkartasuna adierazi behar dugu».

Urkulluren esanetan, horrek ez du esan nahi murrizketak egin behar direnik; «Elkartasuna beste modu batean gauzatu daiteke. Baina kontziente izan behar dugu, euskal gizartea osotasunean begiratuta, funtzio publikoaren eta arlo pribatuaren artean dagoen, izan den eta izan daitekeen arrakala».

Berehala heldu zaio EH Bilduren erantzuna: «Langile publiko horiek dira arratseko zortzietan txalotu genituen medikuak edo ikasturtea posible izan dadin sekulako lana egin duten irakasleak», esan du Maddalen Iriarte lehendakarigaiak ETB1en: «Agian ez da posible izango beste gauza bat, baina beste krisietatik ikas dezagun zer gauza gehiago egin daitezkeen, zer lehentasun dauzkagun, zer utz genezakeen beste momentu baterako».

ELA ere kritiko agertu da lehendakariarekin, eta «gezurretan» aritzea egotzi dio: «Gezurra dio 'lan egonkortasuna duen' ustezko kolektibo bati buruz diharduenean. Aurrekontu publikoak murrizteko egindako apustu sistematikoak berekin ekarri du langile publikoen %35ek baino gehiagok aldi baterako kontratua izatea». Sindikatuak nabarmendu du Osakidetzako 15.000 langile baino gehiago eta hezkuntza arloko 13.000 aldi baterakoak direla, eta Eusko Jaurlaritzan bertan langileen %60 inguru ez direla finkoak. 

Era berean, sindikatuak azaldu du langile publikoen erosteko ahalmena %13 inguru murriztu dela azken hamarkadan, eta ia 10.000 langile daudela azpikontratatuta zerbitzu publikoetan. Hortaz, Urkulluri eskatu dio «gardentasun ariketa bat» egiteko, eta azaltzeko uztailaren 12ko hauteskundeak baino lehen «zer erabaki hartuko dituen enpleguari eta langile publikoen lan baldintzei buruz, langile publikoek botoa eman aurretik jakin dezaten zer gertatuko den euren lanpostuekin eta lan baldintzekin».

Mezua Sanchezi

Horrez gain, Urkulluk hizpide izan ditu beste hainbat gai; esaterako, Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk lan erreformaren inguruan eginiko akordioa. Urkulluren hitzetan, Sanchez «aske da nahi duenarekin hitz egiteko», baina ohartarazi dio konpromiso bat zuela jeltzaleekin: «Inbestidura erraztu zion alderdi batekin adostu zuen beste inorekin hitz egin aurretik EAJrekin hitz egin behar zuela, eta hori ez zuen egin. (...) Hitz egiteko askatasuna dauka; inork ez du esklusibotasunik mintzakidetzan, baina badira akordio batzuk, eta bete egin behar dira».

Harago joan da ohartarazpenean: «Ez dakit zein den Espainiako Gobernuaren presidentearen helburua; konpromiso bat du inbestidura bideratu zioten alderdiekin, eta horri muzin egiten badio berak jakingo du zer arrisku hartzen duen».

Elkarrizketa oposizioarekin

COVID-19aren izurriaren harira Jaurlaritzak eginiko kudeaketa babestu du Urkulluk, eta tentsio garaiak izan dituztela aitortu du: «Martxoaren 24tik aurrera, ospitaletan tentsioa izan genuen; hainbeste gaixo ospitaleratu, larrialdiko oheak bete beharra, horretarako ahalmena izango genuen ala ez... nik baiezkoaren itxaropena nuen, hala prestatuta geundelako». Hori igarota, jarduera ekonomikora itzultzeko proposamena egin izana ere defendatu du, eta uste du «interpretazio interesatua» egin dela: «Ni izan nintzen lehena [hori proposatzen], baina ez bakarra; PSOEko eta PPko presidenteek gauza bera eskatzen zuten. Ekoizle ekonomia duten erkidegoetako presidenteek bazekiten zertaz ari ginen, eta bazekiten gure aurreikuspenak izan zitezkeela arrazoizkoak. Denborarekin, hala egiaztatu da; ekonomia berrabiarazi denetik, ez da kalterik izan osasun fisikoan».

Gainera, bere kudeaketaz azalpenak eman dituela argudiatu du, eta oposizioko alderdiekin ere harremana izan duela: «Hiru aldiz agertu dut neure burua Diputazio Iraunkorrean. Otsailaren 28tik, astero bilera bat dago alderdi guztiekin, Osasun sailburuarekin eta gero gainontzeko sailburuekin ere. Hiru aldiz bildu naiz alderdi politikoekin».

Zaldibarko zabortegiaz (Bizkaia) galdetuta, berriz, nabarmendu du pribatua dela: «Kudeatzaileek jabego bat dute; jabego horri dagokio erantzukizuna. Besterik da erakunde publikoek zer erantzukizun izan dezaketen horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.