George Floyden eta Elhadji NDiayeren omenezko elkarretaratzea egingo dute larunbatean Iruñean

Black Lives Matter lelopean oroituko dituzte, Iruñeko Arrotxapea auzoan, George Floyd, Poliziak Minneapolisen hildakoa, eta Elhadji NDiaye, Iruñean zendua. 

Elhadji NDiayeren omenezko kontzentrazio bat Iruñean, 2016an. IñIGO URIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko ekainaren 3a
16:39
Entzun

Ameriketako Estatu Batuak astindu ditu polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra Minneapolisen (Minnesota) hiltzeraino itotzeak. Maiatzaren 25ean hil zuen Derek Chauvin poliziak Floyd, eta, ondotik, Chauvin atxilotu dute, eta erailketa eta giza hilketa egotzi dizkiote justiziaren aurrean. Chauvinekin batera zeuden bertze lau polizia ere kaleratu egin dituzte. Floyden heriotzak samina piztu du AEBetan, eta protestak egin dituzte azken egunetan hainbat hiritan. Samin hori mundu osora zabaldu da, baita Euskal Herrira ere, eta elkarretaratzera deitu dute Iruñean larunbaterako. 

Floydez gain, Elhadji NDiaye senegaldarra ere oroituko dute Iruñean, Espainiako Polizia Nazionalaren komisaria batean hila. Eguerdiko hamabietan eginen dute kontzentrazioa, Iruñeko Arrotxapea auzoko Marcelo Zelaieta eta Artika kaleen artean. Africa Unida, Flor de Africa, Karabana Mugak Zabalduz, Papeles y Derechos Denontzat, EH 11 Kolore, Iruñea Harrera Hiria eta Nafarroako SOS Arrazakeria dira deitzaileak. 

 2016ko urriaren 25ean zenNDiaye. Chinchilla karrikako beren egoitzan hil zela erran zuten poliziek; ziegara eramateko zain eserita zegoelarik arnasa ez zuela hartzen konturatu zirela. Biharamunean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu zuen autopsian ez zutela indarkeria zantzurik aurkitu. NDiaye hil eta egun gutxira, ordea, atxilotu zuteneko hainbat bideo zabaldu ziren, eta bertan azaltzen zen nola atxilotzean hamar polizia bota zitzaizkion gainera. Hainbat lekukoren arabera, hain zuzen, NDiaye «konorterik gabe» eraman zuten poliziek Arrotxapetik beren egoitzara.

Hil eta egun gutxira, urriaren 28an, manifestazioa egin zuten Iruñean Black Lives Matter lelopean (beltzen biziak inporta du). Larunbatean ere lelo berbera hartuta elkarretaratuko dira NDiaye eta Floyd oroitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.