Diru politika

Beste 600.000 euroren zorra erosiko du EBZk

Orotara, 1,35 bilioi jarriko ditu ekonomia suspertzeko. Ekonomia %8,7 uzkurtzea espero du, eta bi urte behar izatea suspertzeko.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur, Frankfurten. ADRIAN PETTY / EFE
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 4a
14:02
Entzun

Olio gehiago behar du finantza merkatuen motorrak. Hori uste du Europako Banku Zentralak, eta horregatik erabaki du diru gehiago jartzea PEPP Pandemiaren Aurkako Larrialdiko Erosketa Programan. Martxoaren 18an abiatu zuen, euroguneko herrialde guztiek itxialdiak ezarri eta beren ekonomiak hibernazioan jarri zituztenean. 750.000 milioi euro jartzea erabaki zuen orduan, baina, krisia uste baino sakonagoa izango delakoan, orain erabaki du beste 600.000 milioi euro jartzea. Horri gehitu behar zaizkio krisi aurreko APP programaren bitartez hilero egiten dituen 20.000 milioi euroak.

Euroguneko estatuen zorra eta enpresa batzuena erosten ari da EBZ. Erosketa horrek bi ondorio ditu. Batetik, bankuei eta beste inbertitzaileei aukera ematen die zor horiek EBZren esku uzteko, eta, horrela, dirua libre dute maileguetarako edo beste inbertsioetarako. Bestetik, merkatuan likidezia ziurtatzen duenez —diru asko dabil zirkulatzen—, estatuek (eta enpresek) hara jotzen dutenean, inbertitzaile asko aurkitu ohi dituzte, eta, ondorioz, interes tasa txikiagoak ordaintzen dizkiete.

Interes tasa txikiena oso garrantzitsua da orain, estatu guztiek zorpetzearen makinari eragin diotelako koronabirusaren kalte ekonomikoak konpontzeko eta osasun gastu gehigarriak pagatzeko. EBZren pilulak funtzionatu egin du, azken asteetan berriro behera egin dutelako estatuek beren zorraren truke ordaindu beharreko interesek.

PEPP programa urtea amaitu arte irautekoa zen, baina gutxienez beste sei hilabetez luzatuko du EBZk, 2021eko ekainera arte. «Koronabirusaren krisia amaitu arte» luza dezakeela ohartarazi du. Gainera, inbertitzaileek erositako zorra itzultzen diotenean, jasotako dirua berriro inbertituko du, gutxienez 2022. urtera arte. Hau da, diru horrek zirkulazioan jarraituko duela gutxienez beste bi urte eta erdiz.

EBZk uste du ordurako krisia gainditua izango dela, eta galdutako jarduera ekonomikoa berreskuratuko dela. Horrela, aurten euroguneko BPG barne produktu gordina %8,7 jaistea espero du; 2021ean, %5,2 berreskuratuko luke, eta beste %3,3 2022an. Gehien espero duen agertokia da hori, baina ezkorrago bat ere kaleratu du: %12,6ko erorialdia.   

Ekonomiaren hondoratzeak deflazio arriskua dakar, hau da, prezioak ere jaistea eta horrek atzeraldiaren gurpila elikatzea. Adi daudela baina halakorik ez dutela espero esan du Christine Lagarde EBZko presidenteak, besteak beste azken datuek diotelako ekonomiak dagoeneko hondoa jo duela eta, «oso motel» bada ere, hazten ari dela. Inflazioa %0,1era jaitsi da maiatzean, baina urtea %0,3rekin bukatzea espero du, eta %0,8ra eta %1,3ra handitzea hurrengo bi urteetan.

Jada 234.600 milioi joan dira

PEPP programa 1,35 bilioi euroraino handitzeko arrazoien artean dago oraingo martxan programa aurki agortzeko arriskua zegoela, bereziki kontuan hartuta euroguneko estatuek gutxienez bilioi bat euroren zorra jaulkitzea espero dela. Horrela, martxoaz geroztik dagoeneko 234.600 milioi euroren erosketa egin ditu EBZk. Horietatik 186.600 milioi joan dira euroguneko sektore publikoaren zorrak poltsikoratzera. Herrialde bakoitzaren eurogunearekiko neurria kontuan hartuz, onuradun handienak Italia (37.365 milio euroko zorra), Espainia (22.392 milioi) eta Alemania (46.746 milioi) izan dira.

Arreta piztu du Alemaniaren hainbesteko zorra erosi izanak, eta hango auzitegi konstituzionalari egindako keinu bat izan daitekeela iradoki dute askok. Izan ere, auzitegi horrek auzitan jarri du zorra erosteko programa, eta, haren beharra ongi aztertu ezean, ez parte hartzeko agindua eman dio Bundesbanki. Dei hori Alemaniako Gobernuari eta parlamentuari egindakoa dela esan du gaur Lagardek, eta espero duela «irtenbide egokia» emango diotela. Edonola ere, nabarmendu du EBZ independentea dela eta auzitegi bakar bati obeditu behar diola, Europako Justizia Auzitegiari. «Eta hark esan zuen zorra erosteko programa legezkoa zela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.