Enpresak

Protesta egin dute CAFeko akziodunen batzarraren aurrean, Israelgo tranbiaren aurka

Beasaingo enpresako langile batzordeak aho batez eskatu zion zuzendaritzari ez zezala parte hartu Jerusalemgo tranbia hornitzeko lehiaketan. CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik kanpaina abiatu dute sare sozialetan.

Langile batzordeko kideek elkarretaratzea egin dute Beasainen. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko ekainaren 13a
18:02
Entzun

CAFeko akziodunek batzarra egin dute gaur Beasainen (Gipuzkoa). Langile batzordeko kideek eta zenbait herritarrek elkarretaratze bat egin dute han, enpresari eskatzeko Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuan parte hartzeari uzteko. Salatu dute proiektu hori legez kanpokoa dela, eta Israeli ahalbidetzen diola okupatutako Palestinako lurraldeak anexionatzen jarraitzea.

Azken asteetan protestak egin dituzte sare sozialetan CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik leloa erabiliz. Protestariek eskatu dute enpresara deitzea eta mezuak bidaltzea esateko bertan behera utz dezatela kontratu hori.

Gaurko ekintzaren antolatzaileek salatu dute CAFeko akziodunen bilkuran ez diotela sartzen utzi Jerusalemgo tranbiari buruz galdera konprometituak egin behar zituen talde bati. Adierazi dute mezu elektroniko baten bidez jakinarazi dietela galderetan idatzitakoa nazioarteko katedradun batzuekin kontsultatu dutela, eta, haien iritziz, CAFeko zuzendaritzak ez duela okerrik egin kontratu hori sinatzean.

Iaz, Beasaingo enpresako langile batzordeak aho batez eskatu zion zuzendaritzari ez zezala parte hartu Jerusalemgo tranbia linea berria hornitzeko lehiaketa publikoan, Palestinako lur okupatuetan eraikiko delako. Palestina Askatzeko Erakundeak esker ona adierazi zien langileei.

Enpresak, ordea, kontratu mamitsu baten alde egin zuen langileen iritziaren alde egin beharrean. 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da tranbiaren operazioa, eta horietatik 500 milioi inguru zuzenean dagozkio CAFi. Zehazki, Linea Berde berrian ibiliko diren 114 tranbia hornitu behar ditu.

Uztailean, anexiorako aukera

Aste honetan, Palestinako Aginte Nazionalak presio diplomatikoa hasi du. Alemaniak Israeli ohartarazi dio Zisjordaniaren parte baten anexioa ez dela bateragarria nazioarteko legediarekin: «Ez da posible. Guk oraindik babesten dugu bi estatuen irtenbidea, eta, horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da elkarrizketa berpiztea», adierazi zuen Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak, Gabi Ashkenazi Israelgoarekin batzartu ostean.

Berez, Tel Avivek hiru aste barru, uztailaren 1etik aurrera, du Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko aukera, Netanyahuk eta Benny Gantzek koalizio gobernua osatzeko adostu zuten akordioaren arabera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.