Bere langileek nahi ez zuten lana egingo du CAFek, Jerusalemerako

Palestinarrei kendutako lurraldean tranbia bat egiteko kontratua lortu du Beasaingo konpainiak

CAFek Jerusalemerako egingo duen tranbiaren irudi bat.
CAFek Jerusalemerako egingo duen tranbiaren irudi bat. CAF

Iker Aranburu -

2019ko abuztuak 9

Kontratu mamitsu baten eta bere langileen iritziaren artean erabaki behar zuen CAFeko zuzendaritzak, eta lehenengoa aukeratu du. Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia batu behar dituen tranbia egiteko lehiaketan jarraitzea erabaki zuen Beasaingo konpainiak, langile batzordeak atzera egiteko eskatu zion arren, NBE Nazio Batuen Erakundearen irizpideen arabera Israelek palestinarrei kendutako lurraldeak direla argudiatuta. Jarraitu zuten, eta kontratua irabazi du, CAFek atzo jakinarazi baitzuen berak eta Israelgo Saphir eraikuntza enpresak sortutako TransJerusalem J-Net Ltd partzuergoak egingo duela tranbia, eta haren kudeaketaz ere arduratuko dela.

Dirutza lortuko du CAFek kontratuaren truke. Operazioaren guztizko zenbatekoa 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da. Horietatik 500 milioi inguru zuzenean dagozkio Beasaingo tren konpainiari. Zehazk i, Linea Berde berrian ibiliko diren 114 Urbos tranbia hornitu beharko ditu, eta gaur egungo Linea Gorrian zerbitzuan dauden 46 unitate zaharberritu beharko ditu. Halaber, CAFen esku geratuko dira linea seinaleztatzea, energia eta komunikazio sistemaz hornitzea, eta proiektua integratzea.

Baina are diru gehiago sartuko da CAFen kutxetan, bi lineen kudeaketa eta mantentze lana erdi bana egingo duelako euskal konpainiak, lan horietaz arduratuko den SPV sozietatearen %50 izango baitu. Zati horri dagokion negozio bolumena 1.000 milioi eurokoa izango da.

Kontratuak are gehiago lodituko du CAFen eskaera zorroa. 8.535 milioi eurorena zen ekainaren amaieran, eta, orduz gero, beste enkargu batzuk lortu ditu: autobusak Erromarako eta metroak Napolirako (175 milioi); seinaleztapen eta segurtasun lanak Espainian, Eslovenian eta Bulgarian (125 milioi); eta autobus elektrikoak Varsoviarako, Berlinerako eta Milanerako (410 milioi).

Lehiakide gehienek, atzera

Kontratuaren azken fasean lehiakide bakar bat izan du CAFek, Txinako CRRCk gidatutakoa Israelgo, Espainiako, Portugalgo eta Poloniako enpresa batzuekin batera. Palestinarren aldeko elkarteek eskatuta, beren hautagaitzak kendu zituzten CAFen ohiko lehiakideek, hala nola Alstom frantziarrak, Siemens alemaniarrak eta Bombardier kanadarrak. Alstomek bazkide israeldar batzuk zituen, eta haiei azaldu zien «Frantziaren legediaren aurkakoa» izan zitekeela kontratua, nazioarteko legediaren kontrakoa den heinean.

Argudio hori bera eman zuen CAFeko langile batzordeak, urtarrilean, zuzendaritzari eskatu zionean lehiaketa uzteko. «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik», argudiatu zuten langileen ordezkariek —autokartearen bidez, langileak dira akziodun nagusiak, tituluen %29 baitituzte—. LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek bat egin zuten esatean edozein tranbia proiektuk Jerusalemen palestinarren legezko ordezkarien babesa izan beharko lukeela. Halakorik ez du, noski.

CAFek bere oharrean «Israelgo hiria» deitzen duenaren ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia judu elkartuko ditu tranbiak, biak ala biak 1967an Israelek palestinarrei kendutako lurraldeak, eta, Nazio Batuetako Erakundearen arabera, Israelek utzi beharko lituzkeenak.

Langile batzordearen jarrerak PAE Palestina Askatzeko Erakundearen esker ona jaso zuen. «Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu», adierazi zuen Saeb Erekat PAEko idazkariak.

LABen salaketa

Konpainiaren erabakia gaizki hartu dute sindikatuek. Enpresan ordezkaritza gehien duen sindikatuak, LABek, salatu du langileen eskaerari «entzungor» egin diola zuzendaritzak, eta erabaki horrekin «nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan» parte hartuko duela CAFek. Jakinarazi duenez, datozen asteetan elkartuko da langile batzordea, «erantzun bateratu bat emateko». LABek uste du «salatzekoa» dela CAFen erabakia. «Jerusalmengo tranbia egiteko Palestinako lurrak desjabetuko dituzte, lurraldeak legez kontrako kolonietarako jarraipena izan dezan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna