Urkullu: «Interpretazio publikoak errealitatea distortsionatzen du»

Basurtuko erietxean eta Txagorritxukoan beste hiru positibo atzeman dituzte. Arrasaten ez da beste kasurik izan azken orduetan. Maria Txibitek jakinarazi du Nafarroan azken orduetan ez dutela positiborik atzeman, ez dutela inor ospitaleratu, eta ez dela inor hil.

Iñigo Urkullu lehendakaria, maskara jantzita, maiatzean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 14a
13:20
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin ditu aste honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan piztu diren koronabirus fokuen datuak. Beste bederatzi kasu atzeman dituzte azken orduetan: bost Bizkaian, bi Araban eta bi Gipuzkoan. Hiru pertsona hil dira, eta ZIUn hemezortzi pertsona daude. Tartean beste hiru positibo izan dira Txagorritxuko erietxean eta Basurtukoan. Iñigo Urkullu lehendakariak, ordea, garrantzia kendu die foku berri horiei, eta Espainiako presidentearekin eta autonomia erkidegoetako presidenteekin egin duen bileran esan du euren aurreikuspenetan sartzen zirela, eta kontrolatuta daudela. Haren hitzetan, azken datuak onak dira, baina «interpretazio publikoak errealitate hori distortsionatu» egiten duela gaineratu du. «Guk gardentasunez jokatzen jarraituko dugu, egunero egiten den esposizioa modu okerrean erabiltzen den begiratu gabe», gaineratu du.

Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni erietxekoa izan da Euskal Herrian piztu den azken fokua. Nahiz eta Nekane Murga Osasun sailburuak atzo aitortu zuen kutsatze kate bat zegoela hor, ez da  positiborik izan azken orduetan. Bost positibo atzeman zituzten ostiralean, guztiak sintomarik gabekoak.

Txagorritxuko erietxean bai, beste bi positibo atzeman dituzte azken orduetan, eta, horiekin, zazpi dira denera: lau gaixo —horietako bat hil egin da—, langile bat, eta lau bisitari edo hurbileko. Basurtuko erietxean ere beste positibo bat atzeman dute, eta horrekin 38 dira guztira kutsatutakoak: hamalau langile, hamabi gaixo eta hamabi bisitari edo hurbileko.

Ohar baten bidez eman du Osasun Sailak guztien berri. Nabarmendu du atzo 4.060 PCR proba egin zituztela, eta bederatzi izan direla kasu berriak. Urkulluk gaurko bileran nabarmendu du kasu berriak bilatzeko sistemak emaitza ona eman duela, eta horregatik espero duela kutsatuen kopurua handitu egingo dela.

Nafarroan, 'zero, zero, zero'

Nafarroan, berriz, Maria Txibitek Pedro Sanchezekin eta autonomia erkidegoetako presidenteekin egin duen bileran esan du gaur egun 40 gaixo daudela ospitaleratuta koronabirusarekin: horietatik ZIUn daude; 32 ospitaleko gela arruntetan, eta bi etxean ospitaleratuta.

Hala ere, Txibitek nabarmendu du azken orduetan ez dela beste positiborik izan, ez dutela inor ospitaleratu, eta ez dela inor hil koronabirusaren ondorioz. «Azken hilabeteetako egoera epidemiologikorik onenean gaude», esan du lehendakariak. Edonola ere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du, eta erantzukizuna eskatu die herritarrei normaltasun berriari begira.

Gaineratu du Txibitek aste honetan prestatuko dutela hurrengo astetik aurrera indarrean izango den dekretu berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.