Madrilek telelana genero ikuspegitik arautuko du

Espainiako Gobernuak lege bat bultzatuko du, denbora erantzunkidetasunez banatuz, bermatuta egon daitezen kontziliazioa eta lana berdintasun baldintzetan egitea.

Emakume bat telelanean, Bartzelonan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 18a
12:40
Entzun

Telelana emakumeentzat «tranpa» bat ez izatea. Hori da, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroaren hitzetan, bultzatuko duten legearen helburua. Gaur iragarri du Espainiako Gobernuak lege bat sustatuko duela denbora erantzunkidetasunez banatuta eta bermatuta egon dadin kontziliazioa eta lana berdintasun baldintzetan egitea. Horretarako, telelana genero ikuspegitik arautuko dute.

«Gure herriak zaintzea behar du; zaintzarik gabe ezin da bizi. Ez du funtzionatzen ekoizpen ekonomia gisa ezagutzen dugunak». Gainera, defendatu egin ditu «ikusezintasunetik, prekaritatetik eta berdintasunik ezetik» ateratzeko politikak. Ministroak «zaintzaren aldeko akordio nazional bat» proposatu du, zaintza sistema publiko bat martxan jarriko duena.

Monteroren hitzetan, Espainiako zaintza sarea «ahula» da eta feminizatuta dago. Pandemia dela eta, gainera, larritu egin dela uste du adin txikikoen eta bestelako mendekotasunak dituztenen «zaintza krisia». Horiek «ikusezinak» direla salatu du, eta batez ere emakumeek egin behar izaten dituztela. «Zaintzarik gabe gizartea kolapsatu egiten da». Ministroak ziurtatu duenez, gobernu bat bera ere ez da arduratu zaintzaz «bere konplexutasun guztiarekin»; hau da, kontuan hartuz adin txikikoen, adinekoen eta beste mendekotasun batzuk dituztenen beharrak, baita erantzunkidetasuna eta kontziliazioa ere.

Koronabirusaren ondorioz bizi izandako larrialdiak zaintzaren balioa azaleratu duela uste du: «Larrialdiak zerbait erakutsi badu, hori izan da ezinezkoa dela zaintzarik gabe bizitzea». Horrenbestez, zaintza sistema «sendoa» sortzea ezinbestekotzat du, gizartea demokratikoa eta ekonomikoki eraginkorra izan dadin. Sistema horretan, ziurtatu egin beharko da beharrei erantzuna ematen zaiela eta duindu egiten direla zaintzaileen baldintzak. «Batzuetan esklabotasunaren antza daukate», ohartarazi du.

Karga emakumeengan

Monterok adierazi duenez, emakumeak lan mundura sartu dira «euren etxeak eta ingurukoen gorputzak gainean hartuta eta lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak eginez». Nabarmendu du telelanak ezin duela emakumeentzat «tranpa bat» izan eta igoerak eta ardurak izatea zaildu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.