Basurtuko fokuak beste bederatzi gaixo eragin ditu ospitaletik kanpo

Erlijio kongregazio batean daude sei, eta beste hirurak etxe berekoak dira. Guztiak bakartuta daude.

Nekane Murga Osasun sailburua eta Jon Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmazia zuzendaria. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko ekainaren 20a
13:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Basurtuko ospitaleko koronabirus agerraldia eraikineko mugetatik kanpo zabaldu da, bederatzi kasu berrirekin. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, bertan bisitan egondako bi pertsonak euren gertuko eremuetan kutsatu berriak eragin dituzte. Batek erlijio kongregazio batean zabaldu du, bertan bizi baita; PCR proben arabera, sei pertsona kutsatu ditu. Besteak bere etxeko hiru kide kutsatu ditu. Sailburuak azaldu duenez, bederatziak bakartuta zeuden, eta hala jarraituko dute. Ospitaleari dagokienez, bertan ez da kutsatu berririk egon. Txagorritxuko ospitaleko agerraldiaren inguruan, «egoera positiboa» dela esan du, eta ez dela egon kutsatu berririk.

Azken orduetan hamasei pertsonak eman dute positibo PCR probekin: Bizkaiko bederatzi horiez gain, hiru izan dira Araban eta lau Gipuzkoan. Test azkarrak deritzotenei erreparatuz gero, aldiz, kasu berriak 49 lirateke. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake. Ez da hildakorik egon.

Murgak, dena den, fase berriko lehen orduen balorazio positiboa egin du, eta zuhurtzia eskatu die beste lurralde batzuetara joango diren pertsonei. «Distantzia gordetzea eta maskara erabiltzea dira oinarrizko neurriak». Beste herrialde batzuetan agerraldi berriak sortu direla jakitun da Jaurlaritza, eta ez du baztertu hemen ere hala gertatu ahal izatea.

Murgarekin batera Jon Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmazia zuzendaria agertu da, eta hark zehaztu da gaixo kronikoei botikak etxera eramateko programa bukatu egin dela. Aurrerantzean espresuki eskatzen duenak soilik jasoko ditu. Eskatzeko bideak orain arteko berak dira: 012 telefonoa edo gaixoak erabiltzen duen ohiko farmaziaren bitartez. Krisian zehar 12.579 pertsonak jaso dituzte botikak etxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.