Nafarroan 21 positibo atzeman dituzte azken orduetan

Orioko positiboengatik lasai egoteko eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Herri horretan sei lagun kutsatu dira azken hiru egunetan.

Ertzaintza paseoan Orioko hondartza alboan. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko ekainaren 22a
11:08
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila koronabirusaren agerraldi posible bat ikertzen ari da Orion, Gipuzkoan, azken hiru egunetan sei pertsonak eman baitute positibo PCR proban; hiru larunbatean jakinarazi zituzten, bi igandean, eta bat gaur.

Nekane Murga Osasun sailburuak lasaitasun mezua helarazi die Orioko herritarrei, azken egunetan kasuak pilatu baitira han. 50 PCR inguru egin dituzte kontaktuen azterketaren barruan, eta azken emaitzak negatiboak izan dira. Osasun Sailak gezurtatu egin du kutsatzeak merkataritza jarduera bati lotuta daudela.

Atzoko datuen arabera, beste hamahiru lagunek eman dute positibo PCR proban Hego Euskal Herrian; Orioko bi kasuak dira Gipuzkoako bakarrak, hiru atzeman dituzte Nafarroan, bi Araban, eta sei Bizkaian. Atzo ez zuten hildakorik jakinarazi lau herrialdeetan. Gaur, ordea, hildako baten berri eman du Jaurlaritzak, eta beste zazpi lagun kutsatu direla jakinarazi du: bat Orion, hiru Araban eta beste hiru Bizkaian.

Larriagoak dira Nafarroako Gobernuak jakinarazitako kopuruak, ordea; 21 lagunek eman dute positibo azken orduetan. Maria Txibite lehendakariak adierazi du bi foku zabaldu direla, Nafarroa iparraldean eta Iruñerrian, horiek familiarteko topaketetan edo elkartze sozial batean gertatu direla, eta balioa eman dio distantzia fisikoa gordetzeari. Nafarrako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, Donezteben antzematen da positiboen hazkunde handia. Santos Indurain Osasun sailburuak erantsi du kasu horiek identifikatzen eta bakartzen ari direla, eta positibo eman duten gehienek ez dutela gaitzaren sintomarik.

Atzo, Jaurlaritzak aitortu zuen Basurtuko agerraldiari lotutako zortzi kasu positiboak zahar etxe batean atzeman dituztela. Zahar etxeko pertsona bat bisitan joan zen Basurtuko erietxera, eta bertan kutsatu zen. Hark eraman zuen gaitza barrura. Bizkaiko Gotzaindegiak jakinarazi duenez, hiru egoiliar, hiru langile eta bi moja kutsatu dira. Azken bi horietako bat erietxera eraman dute, eta bestea zentroan bertan daukate. Hiru egoiliarrak Birjinetxera eraman dituzte, eta hiru osasun langileak etxean daude, bakartuta.

Izurria hasi zenetik 30.600 pertsona baino gehiago kutsatu eta 2.142 hil dira Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.