Noiz sortua: 2020-06-23 16:58:22

Koronabirusaren agerraldiak

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren agerraldi berriak ditu gaitzak. Ekainetik aurrera zazpi agerraldi izan ditu COVID-19ak: Orion, Baztanen, Iruñerrian, Arrasaten, Txagorritxun, Basurtun eta Bilboko zaharren egoitza batean.

Berria -

2020ko ekainak 30

Oriokoa

Azkeneko agerraldietako bat Orion (Gipuzkoa) izan da; ekainaren 19an antzeman zuten aurreneko kasua, eta elkarrekin harremana duten bi familiaren eta haien ingurukoen artean hamasei lagun kutsatu dira. Agerraldia Orion detektatu zuten, baina ondoko herri batera ere zabaldu da, Aiara. Donostiako kasu batzuek horiekin harremana duten aztertzen ari dira. Oraindik ez dakite kontrolpean dagoen, edo kutsatu gehiago agertuko diren: ekainaren 26an antzeman dituzte azkeneko kasuak, lau.

Baztan-Bortzirietakoa

Orioko kasuarekin bateratsu baieztatu dira beste bi agerraldi Nafarroan, Iruñerrian bata eta Baztan aldean bestea. Nafarroako Gobernuak kutsatze kopuruen «gorakada» bat gertatu zela jakinarazi zuen ekainaren 22an, baina ez ditu datu xeheak eman. Ezagutu da, halere, fokuetako bat Sunbillan dagoela; familia enkontru batean zabaldu da gaitza. Gobernuak berak jakinarazi du talde horretan eta haien harremanetan badirela gutxienez hamasei pertsona kutsatuta. Donezteben ere badira bi pertsona kutsaturik, eta Beran lau bat —horietako bat behintzat Irunen bizi da—; hango galdategi batekin harremana du kutsatuetako batek, eta PCR probak egin dizkie Nafarroako Gobernuak langile guztiei; lantegi horretan zazpi pertsona dira kutsatuak.

Iruñerrikoa

Iruñerriko fokuari buruz gobernuak apenas eman duen informaziorik. Jakin da otordu bat egiteko elkartutako bikote batzuen artean zabaldu dela gaitza, Iturraman, baina xehetasunik ez dago gehiago, eta zenbat jende gehiago kutsatu den ere ez dago argi. Santos Indurain Osasun kontseilariak ukatu egin zuen gaitzaren «agerraldiak» zirela azkeneko bi gertakari horiek, familia giroan gertatu zirela argudiatuta; baina gerora, ekainaren 25ean, gobernuak berak «agerraldi» izendatu ditu.

Arrasatekoa

Aita Menni erietxeko lau langileri eta tutoretzapeko pisu batean lan egiten duen langile bati aurkitu zieten gaitza, ekainaren 13aren bueltan. Etxean bakartzeko agindua eman zieten bost langileei, eta kezka sortu zen, kasuak oso inguru gertukoak eta bat-batean agertu zirelako, baina geroztik ez da kasu berririk agertu horiei lotuta.

Basurtukoa

Ekainetik aurrera, erietxeetan izan ditu gaitzak aurreneko agerraldi indartsuak. Basurtuko erietxean sortu da orain arte foku handiena. Ekainaren 4an harrapatu zuten aurreneko kasua han, Revilla pabilioian zegoen gaixo bati detektatu zioten, eta berehala haren laguntzaileari. Gaitzak berrogeita bost pertsona kutsatu ditu harrezkero; tartean dira langileak, erietxean zeuden gaixoak, eta bisitariak ere bai. Hil egin da agerraldian kutsatutako gaixoetako bat. Eusko Jaurlaritzak sarritan esan du kontrolpean dagoela agerraldia. Ospitale bereko beste pabilioi batean ere alertan egon dira ordea: Iturrizarren haurdun bati antzeman zioten gaitza. Erditzeko gelak itxi egin zituzten. Ekainaren 15etik aurrera moteldu da kutsatze katea, eta ekainaren 23tik aurrera ez da positibo berririk izan foku honi lotuta.

Jesusen Zerbitzarietakoa

Basurtuko erietxean bisitan izandako moja batek bere kongregaziora eraman zuen gaitza, eta harrezkero zortzi lagun kutsatu dira Bilboko Jesusen Zerbitzarien zaharrentzako egoitzan. Ekainaren 20an jakinarazi zuten bi moja, hiru egoiliar eta hiru langile kutsatu direla han. Gaixotu guztien berri batera eman zuten, eta harrezkero ez dute positibo berririk jakinarazi.

Txagorritxukoa

Basurtuko agerraldiarekin ia batera gertatu zen Txagorritxukoa. Ekainaren 6an antzeman zuten lehen gaixoa, eta hamar egunean, ekainaren 16rako, hamabost ziren kutsatutakoak; tartean, pazienteak, langileak eta bisitariak. Harrezkero ez da positibo berririk jakinarazi erietxe horretan. Agerraldian kutsatutako gaixo bat hil da. Eguneko zentroa ere itxi zuten ekainaren 22an, erabiltzaile bat gaixorik zegoela konturatu zirenean; ez du ematen horrek kate luzeagorik izan duenik. Txagorritxu zen koronabirusarentzako Arabako erreferentziako ospitalea, eta hura izan zen gaitzaren aurreneko fokua, otsailaren 28an han agertu baitziren aurreneko gaixoak.

Koronabirusa egunez egun

Koronabirusaren krisiari buruzko buletin berezi honek azken 24 orduetan gertatutakoaren gakoak eskainiko dizkizu. Arratsaldero jasoko duzu.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Alkateak "kutsatze komunitario bat" dagoela esan du.Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna