Sindikatuek datorren ikasturterako murrizketak salatu dituzte

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek diotenez, murrizketak ezartzen ari dira jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, pedagogo terapeuten zerbitzuetan eta IBTetan. Gainera, nabarmendu dute eragina izango dutela sukaldeko eta garbiketako langileengan ere.

Axular lizeoko ikasleak, ikasgeletara itzuli ziren lehen egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 23a
17:06
Entzun

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT «oso kezkatuta» daude ikasturtearen amaieran eta hurrengoaren hasieran egon daitekeen egoerarekin. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari bilera bat eskatu zioten, baina ez diete erantzun oraindik. «Administrazio publikoari dagokionez, guk erregistratu genituen kezken inguruko erantzun batzuk jaso ditugu, baina ez haien eskutik, baizik eta ikastetxeetako zuzendaritzetatik, langileengandik edo beste bide batzuetatik iritsi zaizkigu: Berritzeguneetatik, Iraletik, prentsatik...». Sindikatuen arabera, erantzun horiek ez dira izan «eurek nahi zituztenak». «Baliabide ekonomikoak zein pertsonalak handitu beharrean, murrizketak egitea inposatzen dute». «Erabaki murriztaileen» bidetik jarraituz gero «erantzun sendoa» emango dutela ziurtatu dute. Aurreratu dutenez, «erabaki murriztaile» horiek murrizketa gogorragoen aurrekoak izan daitezke.

Nabarmendu dutenez, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan iazko berak dira taldeak eta lanpostu zerrendak osatzeko zirriborroak. Azaldu dute Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako behin-behineko lanpostu zerrendak ikastetxeetara iristen hasi direla, eta murrizketak ezartzen ari direla jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, pedagogo terapeuten zerbitzuetan eta IBTetan. «Hezkuntza Sailak, egoera zuzentzeko baliabideak areagotu beharrean, murrizketak inposatu ditu».

Irale ikastaroak ere bertan behera utzi nahi dituzte, sindikatuek diotenez. BERRIAk aurreratu zuen bertan behera geldituko zirela lanorduetako ikastaroak. Salatu dute horren asmoa zera dela, «euskalduntze planetatik eta ordezko langileen kontura ordaintzea krisiaren faktura».

Kezkatuta daude maila apaleneko ikasleei laguntzeko Hamaika Esku programaz ere. Sindikatuen hitzetan, zerbitzu eginkizun hauek bertan behera uzteko agindua dago, «langileen ordezkariekin adostu gabe eta ikastetxe horietako hezkuntza komunitatearen iritzia entzun gabe».

Aipagarria iruditzen zaie hezkuntza laguntzako espezialisten kasua ere. Izan ere, azpimarratu dute sindikatuekin landutako lehen aurreikuspena atzera bota dutela «alde bakarrez». « Ezinbestekoa da plantilak handitzea eta ikasleen ratioak jaistea, baina hurrengo ikasturteko aurreikuspenek ez diote erantzuten gure eskaerari». Gipuzkoako ZIG geletan, esaterako, aurreikusitako hezkuntza laguntzako espezialisten kopurua 28tik hemezortzi eta erdira jaitsiko dela diote sindikatuek; hau da, %34 gutxiago izango dira datorren ikasturtean.

Sukaldeko langileetan ere eragina izango dutela azaldu dute. «Lanpostu zerrendetan aurkitu ditugun murrizketek ondorioak izango ditu kolektibo horretan». Garbiketa indartzeko asmorik ere ez diote ikusten Hezkuntza Sailari.

Azkenik, Haurreskolak partzuergoaz aritu dira. Sindikatuek nabarmendu dutenez, Hezkuntza Sailak ez du «inolako ardurarik» hartzen, eta «erabateko utzikeria» egon da. «Irizpide ekonomiko hutsak baliatu ditu haur eskoletan aurrez aurrekora itzultzeko, eta egun batetik bestera eta egokitzapen aldirik gabe aurreratu du, alde bakarrez, irailerako planifikatuta zegoen itzulera».

Egoera ikusirik, Hezkuntza Sailari eskatu diote zerbitzu publikoak, eta hezkuntza publikoa bereziki, indartzea erabakitzeko, eta, langileen ordezkariekin elkarturik, «elkarrizketa erreala eta benetako negoziazioa» bideratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.