Memoria historikoa

Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak aitortu du DRILek hil zuela Begoña Urroz haurra

Orain arte, ETAri egotzi diote atentatua, hipotesi horren kontrako froga eta zantzu ugari zeuden arren.

Begoña Urrozen hilketari buruzko Poliziaren txostena. BERRIA
gotzon hermosilla
2020ko ekainaren 24a
12:08
Entzun

El País egunkariak argitaratu duenez, Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroko arduradun eta ikerlari Gaizka Fernandez Soldevillak Espainiako Poliziaren agiri bat eskuratu du, Begoña Urroz haurra hil zuen leherketa gertatu eta astebetera egindakoa –1960ko ekainaren 27an izan zen, Donostiako Amarako geltokian–. Agiri horren arabera, DRIL erakundea izan zen leherkaria geltokian jarri zuena. Akabo polemika: DRILek hil zuen Begoña Urroz haurra izenburua jarri dio El País egunkariak bere informazioari. Izan ere, orain arte Espainiako erakunde eta hedabideek ETAri egotzi diote atentatuaren erantzukizuna.

Baina egilea DRIL izan zela adierazten zuten informazioak askoz lehenagokoak dira. 2011ko otsailaren 20an, BERRIAk 11 orrialdeko erreportaje zabala argitaratu zuen Igandea gehigarrian, eta han froga eta testigantza ugari agertzen ziren, erakusten zutenak ETAk ez zuela atentatu hartan zerikusirik izan eta zantzu guztiek DRILen egiletza baieztatzen zutela. Erreportajearen egileak, Ainhoa Oiartzabal BERRIAko erredaktoreak, Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuen urte hartan erreportaje harengatik.

Bi urte geroago, 2013ko maiatzaren 5ean, Espainiako Poliziaren txostena argitaratu zuen BERRIAk, ostera ere Ainhoa Oiartzabalek izenpetutako erreportaje batean. Txostenean, Poliziak inolako zalantzarik gabe egozten zion DRILi atentatuaren erantzukizuna.

Froga horiek guztiak gorabehera, Espainiako erakunde eta hedabideek –El País horien artean– beti leporatu diote ETAri Begoña Urroz hil izana, eta «ETAren lehenengo biktima» gisa izendatu dute hogei hilabeteko haurra. 2010ean, Espainiako Kongresuak, Jose Bono presidenteak proposaturik, Urroz hil zeneko eguna izendatu zuen Terrorismoaren Biktimen Eguna, hura «ETAren lehen hilketaren urteurrena» zelakoan.

Kontakizun ofiziala iazko ekainean hasi zen pitzatzen. Orduan, Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak Muerte en Amara. La violencia del DRIL a la luz de Begoña Urroz (Hilketa Amaran. DRILen biolentzia Begoña Urrozen argian) txostena aurkeztu zuten, Gaizka Fernandez Soldevillak eta Manuel Aguilarrek egindakoa, eta han jada adierazten zuten Begoña Urroz ez zela izan ETAren lehen biktima.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.