AEBetako hauteskundeak

New Yorkek ezkerraren alde egin du

Pandemia dela eta, posta bidezko botoa izan da nagusi New Yorkeko primarioetan. 2016ko presidentetzarako bozetan baino hamar aldiz gehiago izan dira postaz bidalitakoak.

Alxandria Ocasio-Cortez ordezkari demokrata, New Yorken. JUSTIN LANE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 24a
13:46
Entzun

Asteazkenean emango dute New Yorkeko primarioetako azken emaitza, posta bidezko botoak zenbatu ostean. Orotara 1,6 milioi herritarrek aukeratu dute posta bidez bozkatzea, duela lau urteko presidentetzako bozetan baino hamar aldiz gehiagok.

Ondorioz, datuak oraindik behin-behinekoak diren arren, zenbaitek dagoeneko aldarrikatu dute garaipena; esaterako, Jamaal Bowman Kongresurako hautagai demokratak. Bere barrutian irabaziz gero, Eliot Engel kongresista errepublikanoaren tokia hartuko luke. Engel 1989tik da Ordezkarien Ganberako kide.

Bowmanen soka berekoa da Alexandria Ocasio-Cortez ordezkari demokrata, eta hark ere lortu du beharrezko sostengua duela lau urte eskuratutako eserlekuari eusteko. Behin-behineko datuen arabera, botoen %70 bildu ditu Ocasio-Cortezek. «2018an irabazi nuenean, askok kasualitatetzat jo zuten, eta erdeinatu egin zuten garaipena, gure aurkarien irizpideari jarraituz. Baina gaur frogatu dugu hau ez dela kasualitatea, eta New Yorkeko herriak erabaki bat hartu duela».

Estatuan ere, Alderdi Demokratako adarrik progresistenak berretsi egin du duela bi urteko garaipena, Jessica Ramos, Julia Salazar eta Alessandra Biaggi senatariekin eta Catalina Cruz ordezkariarekin.

Demokraten presidentetzarako hautagaia aukeratzeko modua ere izan zuten atzo New Yorken, nahiz eta botoen balioa soilik sinbolikoa izan, Joe Bidenek eskuratu duelako hautagaitza. Bidenek hautesleen %60ren babesa lortu zuen bart.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.