Euskaraz aritzeko gaitasunak gora egin du Nafarroan; erabilerak, berriz, ez

2018ko Nafarroako Gizarte eta Bizi Baldintzen gaineko inkestaren arabera, biztanleen %14,1 da euskalduna, baina %11,8k erabiltzen du egunerokoan.

jarraia183318.jpg
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 24a
17:41
Entzun

2018ko Nafarroako Gizarte eta Bizi Baldintzen gaineko inkesta aurkeztu du gaur Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Nafarroako Parlamentuan. Inkestaren helburua, besteak beste, Euskararen Plan Estrategikoaren beharrei erantzutea da, hizkuntzen ezagutzaren eta erabileraren azterketaren bidez. Olloren esanetan, euskararen gaitasun orokorraren gaineko datua da txostenak aurkezten duen datu «positiboena»: %12,9 zen 2016an, eta %14,1, berriz, 2018an. Atzerago joanez gero, 1991tik sei puntu hazi da. Erabilerak, ordea, ez du gora egin, eta %11,8k erabiltzen du usu euskara.

Nafarroako biztanleen %14,1 euskaldunak dira, beraz, eta %9,1en lehen hizkuntza. Beste %8 bat, berriz, euskaldun hartzailea da: «euskaraz zerbait badaki, baina ez da ongi mintzatzera iristen». Errealitatea, ordea, oso ezberdina da lurraldearen arabera. Eremu euskalduneko herritarren %71,5 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak, mistoko %21,8, eta ez-euskalduneko %6,4. Halere, Nafarroako euskaldunen gehiengoa eremu euskaldunetik at bizi da: %56,1 eremu mistoan, eta %5 ez-euskaldunean. Eremu mistoa da, gainera, 2016. urtean eginiko inkestarekin alderatuta, euskaldun kopuruan igo egin den bakarra, puntu bat.

2016tik 2018ra gertatu den igoera —%1,2— aurreko bost urteetakoa bezain handia da. Beraz, euskaldun kopuruaren hazkundeak abiadura azkartu du. «Balioetsi beharreko» datua, Olloren hitzetan. Eremu euskaldunean, ordea, euskarak duen egoera «ona» izan arren, «ahula» dela nabarmendu du kontseilariak. Argudiatu du, herri txikiak izanik —Nafarroako herritarren %10 bizi dira han—, edozein aldaketa demografikok eragina izan dezakeela.

Gazteak bidea egiten

Adinari begira jarriz gero, agerikoa da gazteen artean igo dela nabarmenen euskaldun kopurua.1991tik 2018ra bitartean %15 hazi da kopurua, egungo %25era iritsi arte. Gainera, 16 eta 24 urte bitartekoen %15ek dute euskara lehen hizkuntza. Halere, txikiagoa da euskara maiz erabiltzen dutenen ehunekoa: %13,9. Ollo baikorra da datuekin, eta uste du «joera aldaketa baten» erakusgarri direla.

Ikerketarako, 15 urtetik gorako 5.792 laguni egin diete galdeketa, Nafarroa osoan zehar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.