Enplegua

Aldi baterako erregulazioak hiru hilabetez luzatzeko akordioa lortu dute

Baldintzak biguntzen zituen Espainiako Gobernuaren azken proposamena onartu dute CEOEk, CCOOk eta UGTk.

Antonio Garamendi (CEOE) eta Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, elkar agurtzen. KIKO HUESCA / EFE
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 25a
16:02
Entzun

Espainiako Gobernuak lortu du azken asteetan bilatzen ari den irudia: aldi baterako enplegu erregulazioak hiru hilabetez luzatzeko adostasunarena. Bazuen bere kabuz luzapena erabakitzeko aukera, dekretu bidez, baina bere soslai negoziatzailea sendotzeari lehentasuna eman dio, nahiz eta horrek azkenean ekarriko dion bere poltsikotik diru gehiago jarri behar izatea erregulazioan dauden langileengatik. Kutxa publikoek —zergek— ordaindutakoa aurreztuko dute, beraz, enpresek, CEOEk nahi zuen moduan.

Ministroen kontseilu berezi bat egingo du bihar  Espainiako Gobernuak, akordioa lege bihurtzeko.

Zer hitzartu dute?

Ekainaren 30ean ziren agortzekoak pandemiaren harira Espainiako Gobernuak ezarritako aldi baterako erregulazio bereziak, «ezinbesteko arrazoiengatik» erabakitakoak. Aldi baterako erregulazio arruntek baino baldintza hobeak dituzte, estatuak bere gain hartzen baitu langilearen Gizarte Segurantzaren kotizazioaren ordainketa —%75, 50 langiletik gorako enpresan, eta guztia, enpresa txikietan—, eta erregulazioan dauden langile guzti-guztiei ordaintzen baitie langabezia saria —gainontzeko baldintzak bete ala ez—. Orain, erregulazio bereziek irailaren 30era arte iraungo dute.

Zer aldatuko da?

Oraindik itxita dauden negozioetan —hotel asko, esaterako—, ezinbesteko erregulazioan jarraitu ahal izango dute, eta langile guztiak izan ahalko dituzte erregulazioan. Hori bai, aurrerantzean langileen kotizazioen zati bat beren gain hartu beharko dute enpresek: %30 uztailean, %40 abuztuan, eta %65 irailean, 50 langiletik beherako enpresetan, eta %50, %60 eta %75 handietan. Gainera, ezinbesteko erregulazioa eskatu ahal izango dute COVID-19aren agerraldiengatik itxi beharko dutenek ere. Kasu horretan, kotizazioen %20 ordaindu beharko dituzte txikiek, eta %40 handiek. Ministroen asmoa zen erregulazio bereziak ezabatzea, dagoeneko alarma egoera bukatu delako, baina amore eman dute azkenean.
beste enpresek?

Erregulazioa eskatu zuten enpresa gehienetan, lantaldearen zati bat baizik ez dago orain egoera horretan. Haiek ere kotizazioak aurreztuko dituzte: txikiek %40 soilik ordainduko dute lanera itzuli diren langileen truke, eta %65 lanik gabe jarraitzen dutenen truke. 50 langiletik gorakoetan, berriz, %60 eta %75 ordainduko dute. Neurri horren helburua da enpresek ahalik eta langile gehien ateratzea erregulaziotik.

Berritasuna da baldintza horiek jasoko dituztela ez soilik ezinbesteko arrazoirengatik aldi baterako erregulazioa onartuta dutenek, baita arrazoi objektiboengatik —ekoizpena jaitsi behar dutelako edo galerak dituztelako— eskatzen dituztenek ere.

Baldintzarik bete behar al dute?
Bai. Ahalik eta enpresa gehien jarduera normalera itzularazi nahi ditu Madrilek, eta, horregatik, baldintza sorta bat jarri die erregulazio berezia edo arrunta nahi dutenei. Ezingo dituzte langile gehiago kontratatu, ez zuzenean, ez aldi baterako enpresen bitartez, eta ezingo dizkiete aparteko orduak eginarazi beren beharginei.

Muga handiak izango dituzte lan edo zerbitzu batzuk azpikontratatzeko —bere langileak ez badaude horretarako prestaturik—, eta ordezkari sindikalei jakinarazi beharko diete hala egin behar badute.

Gainera, erregulazioan dauden enpresek debekatua izango dute beren akziodunei dibidenduak banatzea; soilik banatu ahal izango dituzte Gizarte Segurantzaren kotizazioetan aurreztutakoa ordaintzen badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.