EUSKARA

Herri haur-eskola bat zabalduko dute Iruñean datorren ikasturterako

HE Gurasoak jakinarazi du Berriozarko Decathlon saltokiaren ondoan lortu dutela lokal bat. Aurrematrikulazioa uztailaren 2tik 10era bitartean egingo dute, aurrez aurre eta telematikoki.

Euskarazko haur eskolen aldeko elkarretaratzea, Iruñeko Udaletxeko plazan. BERRIA
jon olano
2020ko ekainaren 27a
14:17
Entzun

«Iruñeko haur eskoletan eskaintzen den euskarazko plaza kopuru urriaren aurrean Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak irtenbiderik ematen ez dutenez», HE Gurasoak plataformak jakinarazi du 2020-2021eko ikasturterako guraso kooperatiba batek kudeatutako herri haur-eskola bat irekiko duela. Hala ere, plataformak alderdi politikoekin biltzen jarraituko duela adierazi du, bai ikasturte honetarako diru laguntzak eskatzeko, bai datorren ikasturterako euskarazko plazen eskaintza «egokia» egin dezatela eskatzeko, herri haur-eskola itxi eta sistema publikora itzuli ahal izateko.

Plataformak azaldu duenez,  egungo eskaintza publikoak iparraldeko auzoetan biltzen du euskara: «Eremu horretan lokal egokirik ez dagoenez, eta obrak egiteko eta lizentziak eskatzeko epeak baloratu ondoren, bilaketa Iruñeko gainerako auzoetara eta inguruko herrietara zabaltzea erabaki da». Azkenik, Berriozarko sarreran den Decathlon ondoko lokal batek (Oianondoa kalea, 8) hartuko du herri haur-eskola datorren kurtsoan, «hurrengo ikasturtean sistema publikora itzultzeko zain». Gaineratu dute lokal horrek lizentzia duela eta ez duela obrarik behar: «Erabiltzeko prest dago, eta urrutiago bizi diren eta autoz mugitzen diren familiei sarbide erraza ematen die».

Uztailaren 2an aurrematrikula epea irekiko da, eta uztailaren 10era arte egongo da zabalik. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali beharko da [email protected] helbidera. Gainera, hala nahi duten familiek aurrez aurre egin dezakete aurrematrikulazioa uztailaren 2an eta 3an, aurretik 603-26 15 28 zenbakira deituta txanda hartzeko.

Familiei gogorarazi diete errolda ziurtagiriaren kopia bat eta errenta aitorpenaren beste bat aurkeztu beharko dituztela, plataformaren helburua sistema publikoaren ahalik eta antzekoenak diren tarifak ezartzea baita.

Urtarriletik kexu dira guraso asko, Iruñeko Udalak haur eskola euskaldunen eskaria murriztuko zuela iragarri zuenetik. Murrizketa horri erantzunez, Iruñeko haur eskoletako guraso talde batek apirilean eskatu zion udalari euskarazko ereduan haur gehiagorentzako tokia egon dadila. Guraso taldeak kaleratutako ohar baten arabera, udalak 2020-2021eko ikasturterako haur eskoletan ezarri nahi duen eredua aintzat hartuta, euskaraz eskolatzeko aukerak nabarmen txikituko dira Nafarroako hiriburuan: «Euskarazko lekuak 371tik (eskaintzaren %40) 112ra (eskaintzaren %12) murriztuko dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.