Milioi erdi hildako eragin ditu COVID-19ak munduan

AEBetan hil dira %25. Kutsatuak hamar milioi inguru dira.

Gizon bati tenperatura hartzen, ekitaldi erlijioso batera sartu aurretik, San Josen, Costa Rican. JEFFREY ARGUEDAS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 29a
10:30
Entzun

AEBak, Brasil eta Erresuma Batua. Hiru horiek dira pandemia hasiz geroztik hildako gehien izan duten herrialdeak. Orotara, milioi erdi hildako eta hamar milioi kutsatu eragin ditu COVID-19ak mundu osoan, iazko abenduan lehen aldiz atzeman zutenetik. Probak, berriz, hamar milioi pertsonari egin dizkiete.

Sei hilabete igaro dira Txinako agintariek gaitz berri baten berri eman zutenetik, iazko abendu amaieran, eta tarte horretan milioi erdi heriotza eragin ditu koronabirusak. Horiek zenbaki ofizialak dira, ordea, eta adituek uste dute askoz gehiago izan direla benetan, bai hildakoak eta bai kutsatuak. Bestalde, azken asteetan azkartu egin dira kutsatzeak, astean milioi bat kasu gehiago atzemateraino.

AEBak dira kutsatu eta hildako gehien baieztatu duen herrialdea: 2,5 milioi gaixo eta 125.803 hildako. Brasil legoke bigarren tokian: 1,3 milioi kasu eta 57.622 hildako. Osasun krisiak beheraldi ekonomikoa ere eragin du bi herrialdeotan, eta, gaitzak oraindik goia jo ez duen arren, ekonomia babestearen alde egin dute bi estatuok —Brasilen kasuan, Jair Bolsonaro presidenteak garrantzia kendu dio pandemiari, eta uko egin dio berrogeialdia ezartzeari—.

Estatu Batuetan, hegoaldeko estatuak jo ditu gaitzak gogoren. Osasun idazkari Alex Azarrek ohartarazi zuen atzo gaitza kontrolpean hartzeko aukerak «gero eta gutxiago» direla, eta eskatu zien herritarrei segurtasun neurriak hartzeko. Izan ere, larunbatean, hirugarren egunez jarraian 40.000 kasu baino gehiago baieztatu zituzten AEBetan. Arizonan, esaterako, kasuek %267 egin dute gora ekainean.

Donald Trump presidentearen deiari erantzunez, hegoaldeko estatuak izan ziren itxialdiko neurriak uzten lehenengoetarikoak. Kasuek gorantz jarraitzen dutela ikusita, zenbait estatuk atzera egin dute, eta neurriak zorroztu dituzte. Kaliforniak, adibidez, tabernak ixteko agindu du gaitzak gogorren jo duen zazpi barrutitan.

Bigarren oldea

Herrialde batzuk gaitzari gaina hartu ezinik ari diren bitartean, hura ustez kontrolpean zuten beste hainbat agerraldi berriren aurkako neurriak hartzen ari dira. Txinan, esaterako, Pekindik 150 kilometrora dagoen Anxin berrogeialdian jarri dute barrutian milioi erdi pertsonako eremu bat, azken 24 orduetan 14 kasu berri baieztatu ostean.

Australian ere agerraldi gehiago baieztatu dituzte Melbourne hirian, eta gobernua aztertzen ari da hainbat barruti ixtea, 49 kasu berri atzeman ondoren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.